Euskal komunitatea eta Youtube

by | 6 Mar, 2017 | Blog-eu

Gero eta gehiago dira YouTube kanala ireki eta horren bidez bizipen pertsonalak edota erabiltzen dituzten produktuen berri ematen dutenak. Are gehiago, gero eta gehiago bizi dira YouTube kanalean jartzen dituzten bideoetatik, badirudi lanbide berri bat sortu dela. Baina ba al dago euskal komunitaterik YouTube plataforman?

Euskal Youtuberrak

Argi dago Youtuber fenomenoa pil-pilean dagoela eta burutün aztertu egin nahi izan dugu. Horretarako, inkesta bat jarri genuen martxan sare sozialetan blog sarrera hau osotu ahal izateko.

Ezagutzen duzue euskal youtuberrik? galdera bota genuen Facebook eta Twitterren eta orokorrean badirudi badagoela Youtuben euskarazko kanalak kontsumitzen duen publiko bat, %55ak hala erantzun baitzuen inkestan, nahiz eta gainerako %45ak youtuber euskaldunik ez zuela ezagutzen erantzun izan.

Euskal edukia Youtuben

Emaitzak aztertu ostean, konturatu gara euskaraz egindako bideoen gaiak askotarikoak direla, edozeren inguruko bideoak kontsumitu ditzakegula euskaraz, alajaina. Besteak beste, aerobika, fisioterapia, karaokea, ukelelea, haurrentzako abesti eta koreografiak, umorea eta beste hainbat gai jorratzen baitira.

Horien adibide argiak dira ondoren zerrendatuko ditugunak.

Ene Kantak: Urko Ozkoz, Nerea Urbizu eta Jesus Irujo dira bideo hauen protagonistak. Irakasleak dira hirurak eta euskaraz haurrentzako abesti berriak sortzeko asmoz batu ziren, baita YouTuben bideoak argitaratzen hasi ere, koreografia eta guzti. 5.436 harpidedun ditu kanalak eta bideoek 6.650.557 ikustaldi.

DespertaVlogs: Iban Garcia da kanal honen sortzailea, Gazteak antolatutako Youtuberrak lehiaketan parte hartu eta irabazi egin zuen 2015ean. Euskaraz eta gaztelaniaz dauzka kanalak Youtuben eta batez ere eguneroko gertaerez aritzen da. Honek, 2.455 harpidedun dauzka euskarazko kanalean eta 250.664 ikustaldi guztira.

Euskaragara: Lander Iruretagoienaren kanala da et honen bidez euskara ikasi eta azterketak gainditzeko tutorialak argitaratzen ditu. 797 harpidedun dauzka eta 70.817 ikustaldi bideoetan.

Jo Ukelelea: Izaskun Cangak sortutako kanala da eta ukelelea jotzeko bideo tutorialak argitaratzen ditu. 60 bat bideo argitaratu ditu dagoeneko, denak ere, euskal abestietan edota euskarara ekarritako abestietan oinarritutako bideoak dira. 561 harpidedun ditu eta 69.831 aldiz ikusi dituzte bere bideoak.

Juditsite: Judit du izena hurrengo protagonistak eta honek, bere errutinez, janari osasungarriaz eta modaz hitz egiten du bere bideoetan, besteak beste. 488 harpidedun ditu eta 16.724 ikustaldi bideoetan.

Maitane Segurola: Elkarrizketak, errezetak, norberari etekina ateratzeko aholkuak eta beste hainbeste gai jorratzen ditu aski ezaguna den Maitanek bere kanalean. 159 harpidedun ditu, eta 25.473 ikustaldi dituzte bideoek.

Mari Maistra: Euskararen inguruko kezka eta zalantzak argitzen ditu Mari Maistrak bere Youtubeko kanalaren bitartez, beti ere, hain berezkoa duen umore puntua jarriaz. Zure zalantza azalduaz idazten badiozu, segituan argituko dizu. 138 harpidedun ditu eta 27.767 ikustaldi bere bideoek.

Estratowhat: Estratowhat YouTuben, Arkkuso Twitterren eta Iruñe Astiz bizitza errealean! Twitterretik YouTuberako trantsizioa egin du eta bizkotxo bat nola egin, berak ezagutu dituen herrialdeetan zer ikusi edota YouTube euskalduntzea aldarrikatzen duen bideoak aurkituko dituzue bere txokoan, besteak beste.

Joxe Rojas: Teknologiaren inguruko tutorialak, “unpoltsing”-ak, zozketak eta aholkuak partekatzen ditu Twitterren hain ezaguna den Joxek, gaia umorez josiaz beti ere. 48 harpidedun ditu 28.335 ikustaldi dituzte bere bideoek.

Super Pagola:  Duela urte bete zabaldu zuen bere kanala eta edozein motatako bideoak igo ditu orain arte. Besteak beste, mozorroak egiteko aholkuak, euskara edota zumba klaseak, gai ezberdinen inguruko bere iritzi bideoak, eskulanak eta abar luzea.

Hauek dira YouTuben aurki genitzakeen euskarazko kanaletako batzuk, baina are gehiago dira, inkestaren bidez 38 batu baititugu. Eta zu, zeren zain zaude komunitate honi zure ekarpena egiteko?