Hamaika sortzeko

Hamaika sortzeko

HAMAIKA sortzeko jaioak gara

Hamaika urte bete dira BURUTU agentzia sortu genuenetik. Ekinaren ekinez, gure proiektua handitzen joan da eta gaur egun bederatzi lankide gara.

Eskerrik asko urte guzti hauetan gure ondoan izan zaretenoi, eguneroko ibilbidean zuen bidelagunak izatea da guretzat saririk onena.

Hamaika erronka,
Hamaika proiektu,
Hamaika amets,
Hamaika urte elkarrekin.

 

Berehalakotasunaren garaia heldu da: Be Real eta Tik Tok Now

Berehalakotasunaren garaia heldu da: Be Real eta Tik Tok Now

Udatik hona Be Real sare soziala bogan jarri da eta indar dezente hartu du Z belaunaldiaren artean.  Sare sozial hau 2020an sortu zen, baina oharkabean igaro da uda honetara arte. Pixkanaka-pixkanaka jende gehiago hasi da sare sozial honetan erregistratzen eta, hau ikusita, TikTok plataforma ez da atzean geratu nahi izan. Sare sozial berri bat abiarazi du, Be Realen oso antzekoa: TikTok Now.

Azken aldian, aurpegiko filtroen erabilera masifikatu egin da. Bizitzaren alderdi ona soilik erakusten dugu, bizi dugun benetako errealitatea albo batera utziz. Horregatik, bi sare berri hauen helburua inolako ukiturik gabe pertsona bakoitzaren egunerokotasuna erakustea da. Hau da, editatu gabeko argazkiak igotzera gonbidatzen gaitu. Beraz, anti postureoko sare soziala dela esan dezakegu.

 

Nola lortzen dute hori?

Oso erraz. Egunean behin bakarrik igo daiteke argitalpena, eta mugikorrak jakinarazpena bidaltzen dizu noiz igo behar duzun abisatzeko. Egunaren arabera ordua aldatzen joaten da.

Abisua heldu eta denbora mugatuan, aurrean duzunari argazkia atera beharko diozu, eta baita selfie erako argazki bat ere. Honen gakoa, aplikazioak jakinarazpena bidaltzen dizun unean argazkia ateratzean datza, ahalik eta “errealena” izateko.

Nahi duzunean igo dezakezu argitalpena, baina jokoaren xarma ahalik eta azkarren igotzea da. Argitalpen guztiak hurrengo jakinarazpena heltzen denean ezabatu egiten dira; hau da, 24 ordu irauten duten argazkiak dira.

Bakoitzak bere edukiekiko kontrol osoa dauka, kontua pribatu jarriz gero onartutako lagunek soilik ikusiko ahal izango dituzte zure argazkiak. Kontuan izan behar da, besteen argazkiak ikusi ahal izateko aldez aurretik bakoitzarena igo behar dela.

 

Zein da Be Real eta TikTok Now-ren arteko desberdintasuna?

Sare sozial bien arteko berdintasunak oso nabariak dira, hala ere, desberdintasun txiki batzuk ere badituzte. Be Real plataformak, momentuz, argazkiak partekatzen bakarrik uzten du, bi minutuko epea emanez. Aldiz, TikTok Now sareak argazkiak eta 10 segundu arteko bideoak partekatzen ere uzten ditu. Eta epeari dagokionez, kasu honetan 3 minutuko tartea ematen dizu.

 

Burutü agentzian beti gustatzen zaigu pil-pilean eta modan dauden joeren berri izatea, bezero bakoitzaren beharretara eta helburuetara egokitutako komunikazio-estrategiak garatzeko.