Koronabirusaren krisiari denon artean aurre egin behar diogu. Ondorioz, gure agentziatik arduraz eta erantzukizunez neurriak hartzea erabaki dugu.
Bihartik aurrera eta egoera bideratu arte, lana etxetik egingo dugu, gure Bilboko bulegoa itxita egongo da.
Bezeroentzat zerbitzua emailez, telefonoz eta beste teknologia batzuk baliatuz bideratuko dugu.
Gure ustez, guztiok ahal dugun moduan lagundu behar dugu eta horretara animatzen zaituztegu.
Eutsi goiari eta zaindu maite duzuen hori.
BURUTÜ-ko lantaldea
Euskara sarean. Internet jaio zenetik gaur egunera arte, gizakion arteko komunikazioak aldaketa sakonak izan ditu. Gure artean sortzen diren lotura berriek euskarri digitaletan dute oinarria eta, WhatsApp edo Telegram batek antipodetan dugun lagun batekin hitz egiteko aukera ematen digu.
Sortu ditugun lotura arin horiek, beste hizkuntzetako hitzak euskararekin nahastea eragin dute. Miguel Siguan y Solerren hitzetan “Komunikazioa gertatuko bada, solaskide batek, bere lehen hizkuntzaz gainera, bestearen hizkuntzan hitz egiteko gauza izan behar du, edo biek jakin behar dute komunikatzeko balioko dien bigarren hizkuntza bat”.
2015ean Azkue Fundazioak Internet hizkuntza guztietan eskuragarri ez zegoela egiaztatzen zuen eta, geroztik, zenbait euskaltzale lanean ibili dira (eta jarraitzen dute) euskarak sarean duen presentzia areagotzeko helburuarekin.
Beraz, euskarak sarean duen presentzia handitzen hasi dela goraipatu nahi izan dugu eta hemen batu ditugu sarean euskaratik eta euskaraz eginda dauden egitasmo batzuk. Badakigu beste asko daudela eta ez da hautaketa erraza izan baina, sarrera honetan berritzaileak eta ikuspuntu ezberdina eskaintzen dutenak aipatu ditugu.
PUNTU EUS DOMEINUA: EUSKARA SAREAN, BAI!
2012an sortu eta 2014an martxan hasi zen proiektu honek euskara beste hizkuntzen mailan kokatzea bilatzen du, euskararen normalizazioan lagundu nahi du eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaini nahi dio. Dagoeneko, 10.000 domeinu izenetik gora erregistratu dira, eta egitasmoak beste hainbat ekimen sustatzen ditu: kaixomundua.eus , kodepoesia, labur.eus , tori.eus… etabar.
Gainera, Puntueus Behatokian aurki ditzakegun datuak baikorrak dira: 2017an 16.559 webgunek erabiltzen zuten euskara eta 2018an, ostera, 26.663 webgune ziren euskara erabiltzen zutenak.
EGUNEAN BEHIN: BAKARKA ZEIN TALDEAN, BAINA EUSKARAZ
Benetan harritzekoa iruditzen zaigu, galdera-erantzun formatuko joko honek euskal sarean izan duen arrakasta. Zorionak CodeSyntax ekimen honegatik. Euskara lantzera animatzen gaituzte, sarean eta euskarri digitaletik, egunero 10 galdera txikiei erantzuten diegun bitartean.
Gainera, jokoak lehiaketa jatorra sortzeko aukera ematen digu taldeen bitartez. Nork ez du Egunean Behineko kuadrila taldea? Igande arratsaldeetako WhatsApp elkarrizketen erdigune bihurtu da nork irabazi duen eta zeinek egin dituen tranpa gehiago jakiteak.
Iturria: https://aiaraldea.eus/aiaraldea/1572471771227-egunean-behin-luze-ikasteko-10-galdera
ELEGOSE: EUSKAL LITERATURA SAREAN
Duela urte bete Mastodon egitasmoaz aritu ginen gure blogean. 12 hilabete pasatu dira eta euskarazko komunitatea astinduko zuen sarea aktibo jarraitzen du. Aktibo eta aktibista. Hain da halan, erabiltzaileek irakurketa klub digitala sortu dutela: Elegose.
Talde honen helburua, hilero, euskarazko liburu bat aukeratzea eta irakurtzea da, hilabete amaieran denon artean eztabaidatzen duten bitartean. Euskal literaturari indarra emateaz gain, euskara sarean sustatzeko beste adibide aipagarri bat, zalantza barik.
EUSKAL JAKINTZA: EUSKARA SAREAN, ORDIZIATIK MUNDURA
Ordiziako Jakintza Ikastolako ikasleak eta Maite Goñi Euskal hizkuntza eta Literatura irakaslea batzen dituen proiektu honek, euskara ahalik eta gehien erabiltzea bilatzen du. Horretarako, blog formatua duen orrialdea sortu dute, non euskararen azken berriak batzen dituzten.
Horretaz gain, Gaurko Hitza dinamikarekin, egunero euskarazko hitz berri bat publikatzen dute, Interneteko erabiltzaileek euskararekin topo egin dezaten. Gainera, esaera jatorrak eta aipuak ere lantzen dituzte.
IZPARRINGIA: UMOREA SAREAN, EUSKARAZ
Ultra-komunikazioaren garaian, komunikabide asko aurkituko ditugu sarean zehar. Horien artean, umorea oinarri hartzen duen Izparringia webgunea dugu.
Euskaldunon “El Mundo Today” honek, egunero albiste, berri, bideo zein artikulu dibertigarriak sortzen ditu, errealitatean inspiratuta baina era alternatiboan. Pil-pilean dauden gaiak lantzen dituzte eta kritika, barrea eta burla nahasiz, oso ikuspuntu “interesgarriak” aurkituko ditugu.
PODCASTAK: EUSKARA ETA PODCAST
Duela aste gutxi, podcasten inguruan hitz egin genuen gure blogean. Bertan, adibide orokorrak azaldu genituen eta, gaur, Podcastak egitasmoa aurkezten dizuegu. 2017an sortutako proiektu honek, euskarazko podcast independienteak batzea du helburu.
Audioa kontsumitzeko formatu berri honetan euskararen presentzia baxuaz ohartuta, egoera horri aurre egiteko sortu zuten plataforma hau. Bertan, Argiaren podcastak, Baskonia zainetan, Marruma kulturalak, ZuZeu podcastak, Gramofonoa… bezalakoak aurkituko dituzue.
Asko dira euskararen presentzia sarean indartzen eta lantzen ari diren ekintzaileak. Ausartak zuek, globalizazioak eskaintzen digun etorkizun grisari aurre egiten diozuela. Horregatik, Miguel Siguan y Solerren hitzak berreskuratu nahi ditugu sarrera honi amaiera emateko: “Nola salba liteke hizkuntza hau? Hiztunek beraiek nahi izatea da lehenengo baldintza eta, nortasunaren ikur den aldetik, beren giza taldearen nortasuna eta hizkuntza gorde nahi izatea. Baina gaurko munduan, eta idazketa azaldu zenetik, hizkuntza batek gutxieneko idatzizko erabilera eskatzen du bizirik irauteko.”
Gure aldetik, beraz, publizitatea euskaraz lantzen jarraituko dugu.