Blog-eu

Ongi etorri Mastodon.eus

By 26 azaroa, 2018 No Comments

Goiz arrunta zela uste genuen erritmoa aldatuko zuen deia jaso genuen arte: “Mastodon.eus, euskarazko komunitatea astinduko duen sare soziala, komunikatzeko estrategia kudeatzeko prest al zaudete?”

Mastodon. Egungo gizartearen gehiengoak egingo zuen bezala, izena entzun orduko, lan-taldeak Googlen idatzi zuen.

Lehenengo emaitza, mastodon.social/about. Klik egin eta ordura arte guretzat berria zen errealitate batera heldu ginen. Sare soziala zen, argi zegoen. Mikroblogintza, anitza eta askea, federatua,… hitzak irakurtzeaz gain, txinatarrez idazten zuten erabiltzaileak ere aurkitu genituen. Zer ote zen espazio hura? Jakin-minak mugituta, nola ez, proiektuari baietza eman genion.

Burutün proiektu berri guztiekin egiten dugun bezala, lan-talde osoa batu eta idea-jarioa hasi zen. Zer zen mastodon, zeintzuk ziren helburuak, estrategia posibleak aztertu,… dena mahai gainean jartzeak ikuspuntu orokorra ematen baitigu eta bakoitzak duen izaerak balio erantsi handia ematen baitio proiektu bakoitzari.

Anitza eta askea, Burutüko lan-taldea bezalakoa.

Kanpaina fase ezberdinetan banatu ondoren sormen prozesuan murgildu ginen. Nola sortuko genuen Mastodon.eus -ek merezi zuen marka? Nola landuko genuen funtzionaltasun orokorrak azalduko zuen bideoa? Intriga sortzeko zer proposatuko genuen? Apurka-apurka ideia guztiak bakarra eratzen joan ziren eta hortik, kudeaketa momentura salto egin genuen.

Hornitzaileak begiratu, aukerak aztertu, datak markatu,… publizista orori gustatzen zaion “saltseoan” sartuta geunden, eta gustura gainera. Behin martxa hartuta, lan-taldeak duen inertzia naturalak proiektua aurrera eramatea posible egin zuen. Teaser edo intriga sortuko zuen bideoa grabatu eta publikatu zenerako, sarean izango zuen arrakasta arnasten zen.

Ostiralean publikatu zen bideoa eta astelehenerako, lanean hasi eta zenbakiek harritu gintuzten: asteburuan bakarrik ehundaka erabiltzaile berri zeuden. Geroztik zenbaki hori hazi besterik ez da egin eta horrek, euskal komunitatea sare sozial baten beharrean zegoela azaleratzen du.

Euskaraz kudeatzen dena, euskaraz idazten dena, euskaraz bizi dena.

Urte askotarako Mastodon.eus!

Egilea Burutü

Post gehiago: Burutü