BURUTÜ publizitate agentziak New York-eko MUSE Creativity Award saria jaso du

by | 13 Mar, 2023 | Blog-eu

BURUTÜ publizitate agentziak urrezko saria jaso du Branded Content kategorian, URA – Uraren Euskal Agentziarentzat garatutako “Nik hitzematen dut. Eta zuk?” kanpainagatik.

International Awards Associate (IAA) elkarteak antolatuta, New Yorken, MUSE Creative Awards-ek mundu osoko profesionalen sormen-lana aitortzen dute. Nazioarteko sormen-eszenaren isla dira, eta batez ere Estatu Batuetan edo Asia eta Pazifikoko eskualdean hedatzen dira.

Hasiera-hasieratik, International Muse Creative Awards sariek nazioarteko marketarako egindako kanpainak saritu dituzte, IKEA, Sony Pictures Home Entertainment, Rolls-Royce, BMW, The Coca-Cola Company, Hewlett Packard Enterprise edo Tommy Hilfiger markenak, beste batzuen artean.

Maialen Chorraut piraguista eta Aritz Aranburu surflaria protagonista dituen publizitate-kanpaina honen helburu nagusia da euskal herritarrak sentsibilizatzea ingurumena zaintzeak duen garrantziaren inguruan, arreta uretan eta uraren erabileretan jarriz.

BURUTÜ taldearen izenean, Josu Bergara publizitate-agentziako zuzendariak nazioarteko jaialdiko epaimahaiari eskertu dio aintzatespen profesionala: “Duela hamaika urte BURUTÜ sortu genuen, gure lanbidearekiko ilusioz eta grinaz. Egunez egun, gure bezero eta hornitzaileekin lan egiten dugu beren markak estrategiarekin eta sormenarekin sustatzeko. Mila esker bihotzez sariagatik, euskal publizitateak nazioarteko panoraman lekua izan dezan ahaleginduko gara“.