Sare sozialek aldaketa aitzindaria sorrarazi zuten egunerokotasunean txertatu zirenetik. Aro digitalean egonik, komunikatzeko, informazioa partekatzeko eta aisialdia bizitzeko modua eraldatu dute. Edukiaren sorreran oinarritzen dira eta argazkiak, bideo laburrak, audioak eta bestelakoak partekatzeko aukera ematen dute.
Gailuekin geroz eta denbora gehiago ematen dugula aintzat hartuta, kontsumitzen den edukiaren egoera aztertu nahi izan dugu Burutün. Eduki hori baina, euskaraz kontsumitzeko aukera dagoela ziurtatu ahal izan dugu. Izan ere, blog honetan sare sozialetan edukia euskaraz sortzen duten batzuk bildu ditugu: dantzariak, abeslariak, erronkak eta vlogak igotzen dituztenak edota hizkuntza ikasteko gomendioak ematen dituztenak. Haien arteko lotura, euskaraz sortutako edukia sareratzen dutela. Ez dira bakarrak, Twitch, Youtube eta TikTok bezalako aplikazioetan beste hainbat aurkitzen ahal ditugu.
Eragin-sortzaileen garaia
Eduki hori propio sortutakoa izan daiteke eta ogibide bihurtu da azken urteotan. Instagram eta Tiktok bezalako plataformek eduki horren sormena hauspotzen dute eta edukiak duen kontsumo mailaren arabera algoritmoak ikusgarritasunaren aldetik gehiago edo gutxiago saritzen du. Eduki sortzaile hauek influencer gisa ezagutzen dira, eta funtsean, eragin-sortzaileak dira. Izan ere, partekatzen dituzten produktu, erronka edo iritziekin haien jarraitzaileengan eragina sortzen baitute.
Sortzaile berri horien artean badaude ere euskaraz edukia sortzen dutenak, eta zorionez, geroz eta gehiago dira plataforma erraldoietan hizkuntza bermatzeko hautua egiten dutenak. Zeintzuk dira Euskal Herrian eragina dutenak?
Eduki sortzaileak euskaraz
1. Anepe Acedo – @anepe.acedo
Anepe dantzaria da eta gorputzarekin formak eta sentsazioak helarazteko duen abilezia baliatzen du edukia sortzeko. Instagram eta TikTok-en sortzen du edukia gehien bat, eta dantza bideoak dira gailentzen direnak. Gainera, hainbat elkarrizketa egin izan dizkiote eta eduki ere baliatzen du euskara sustatu eta bere ibilbidea plazaratzeko. Harrotasunez erakusten du euskalduna dela eta hizkuntzaren inguruko edukia sortzen du maiz. Izan ere, itzulpen edo azalpen txikiak ere igotzen baititu.
2. Kai Nakai – @kai.nakai
Kai Nakai abeslari eta dantzari famatua da. Euskarazko reggaetoia egiteagatik ezaguna da. Gazte askoren artean gailentzen den musika mota izanik, abeslari honek bere edukia abesti eta emanaldi propioen inguruan sortzen du. Profilean partekatzen duen gehiengoa euskaraz da eta dantza zein musikarekin zerikusia du.
3. Guk green – @guk_green
Gastronomia, parajeak eta hizkuntzaren inguruko edukia partekatzen da kontu honetan. Euskal Herriko hiriburu zein herrietako gastronomia bideoak partekatzen dira. Esate baterako, jatetxeak eta tabernak izendatzen dira, baita bertan zer topatzen ahal den adierazi ere. Hizkuntzaren inguruko datuekin ere edukia sortzen da noizbehinka eta informazio baliotsua eskaintzen dio kontsumitzaileari kalitatezko produktuak non aurkitu jakin ahal izateko.
4. Barratik Kalera – @barratik_kalera
Umorea da kontu honen ardatz nagusia eta elkarrizketa laburretatik sortzen dute edukia. Mikrofono txiki batekin ping-pong moduko elkarrizketak egiten dituzte jaialdietan. Erronka txikiak proposatzen dituzte eta galdera dibertigarriak, beraz, sortzen duten edukia erakargarria da eta kontsumitzeko erraza.
5. Alejandro Ugalde – @ugalddd
Sare sozialetan ez du jarraitzaile kopuru nabarmen bat, baina sortzen duen edukia dela eta, interakzio ugari biltzen ditu. Izan ere, musikaren inguruko bideo laburrak igotzen ditu, gomendioekin, bere iritziekin edo abestien laburpenekin. Musikan aditua den Ugaldek askotariko momentuetarako euskarazko abestien zerrendak egiten ditu maiz. Top 10a, jaietarako hamar abesti gustukoenak, larunbatetarako zerrendak eta beste.
6. Etxebarria Trikitilariak – @etxebarriaitasemetriki
Aita eta seme baten sare sozialetako edukia da hau. Emanaldiak ematen dituzteneko edukiak eta gehien bat, umorea da sareetan partekatzen dutena. Semeak gidatzen ditu gehien bat bideoak eta egunerokotasuneko erronka txikiak haien modura betetzen dituzte. Trikitixa eta panderoarekin sortutako abestiekin edukia ere sareratzen dute noizbehinka.
7. Amaia Izar – @amaiaizaar
Amaia Nafarroako herri txiki bateko neska euskalduna da. Partekatzen duen edukia euskaraz da eta bere egunerokotasuna naturaltasunez partekatzeaz gain, proiektu berriak euskaraz partekatu nahi dituela azaleratu du sareen bidez. Herriko bizitza eta eduki natural zein lasaia partekatzen du, baita paraje eta moda kontuak ere.
8. Andrea Gonzalez – @andrgzv
Bergarako gazte honek euskarazko edukia sareratzen du eta egindako bidaia eta egunak kontatzeko espazioa hartzen du. Gainera, bestelako kide batzuekin sortzen ditu bideoak, hala nola Andoni Etxezarekin. Zenbait telesailen laburpen bideoak ditu, hala nola Go!azen edo El Conquisekoak. Gainera, aurpegia garbitzeko erabilitako produktuen edo erositakoen bideoak ere ditu bere profilean.
9. Iruñe Astiz – @amaiaizaar
Bere burua “Marisaltsera” gisan definitzen du eta euskarazko komunikatzailea da. Hainbat sare sozialetan euskaraz edukia sortzen du eta gainera, hezitzailea da. Erronkak filmatzen ditu, egunean egiten duena sareratzen du edota jatetxe edo taberna ezberdinen izenak adierazten ditu eguneko vlog txikietan. Maiz agertzen da bestelako euskarazko sortzaile batzuekin eta Twitch kanal ezagun bat du.
10. Andoni Etxeza – @_ibilimunduan
Bergarakoa den beste honek bere bidaiak eta eguneko pasarteak filmatu eta igotzen ditu sare sozialetara. Bidaietan egindako planak eta erabakiak euskaraz igotzen ditu. Hainbat bidaia egin ditu Maroko edo Vietnam ingurura, eta guzti horietan filmatutakoak baliatu ditu edukia sortu eta horrelako parajeak erakusteko. Bertako gastronomia ere erakusgai du bideo batean.