Marka berri bat sortzeko prozesuari markagintza edo branding esaten zaio. Gure kasuan, lau fasetan zatitzen dugu marka bat sortzeko prozesua.
Markagintza faseak
Hitz gutxitan azaltzen saiatuko gara:
1. Analisia. Markaren ingurua ezagutu eta ondo aztertzea.
Honetarako soziologia eta marketineko teknika ezberdinak erabiltzen ditugu: elkarrizketak, focus group-ak, edukien analisia, DAFOak eta abar luzea.
Gure helburu nagusia zein da? Bezeroaren markak izango duen ingurugiroa ezagutzea, hain zuzen, markaren ahuleziak eta indarrak ezagutzea eta merkatuak, publiko potentzialak edota gizarteak duten ezaugarriak ondo baino hobeto aztertzea.
Honekin batera, konpetentziaren azterketa egiten dugu, benchmarking izenarekin ezagutzen dena.
2. Diagnostikoa. Markaren nondik-norakoak zehaztea.
Bigarren fase honetan gure marka nola komunikatuko duen erabaki behar dugu. Horretarako publikoen mapa zehatza egin behar dugu, segmentazio geografikoa, adinaren araberakoa, biografikoa, esperientziako eta abarrekoak definituz.
Bestetik, markaren diskurtsoa bideratu behar dugu. Zeintzuk izango dira gure markaren komunikazio ardatzak? Nolakoak erabiliko ditugun mezuak? Eta estiloa? Zeintzuk izango dira gure kolore eta claim edo eslogan nagusiak? Zein gure posizionamendua? Eta gure markaren nortasuna? Non kokatu nahi dugu gure marka? Zein izango da gure markaren identatea? Galdera guzti hauei erantzun ondoren, markaren esentzia definituko dugu. Gure baloreak, ezaugarri nagusiak eta markaren arima zehaztuz.
3. Planifikazioa. Ekintza plana.
Markaren oinarriak finkatu ostean, marka berriaren helburuak finkatuko ditugu. Ekintza plana egiteko garaia heldu da.
Plangintza honetan komunikazio, publizitate eta marketing ekintzak zeintzuk izango diren zehaztuko ditugu. Publiko bakoitzarentzat zuzendutako ekintza zuzenak eta zeharkakoak, noiz egingo diren, nola egingo diren eta zein izango den estimatutako aurrekontua.
Komunikabideak, internet, sare sozialak, kanpoko publizitatea, PLV-ak, marketing ekintzak zein euskarri ezberdinak zehazteko ordua. Horrez gain, komunikazio kanal bakoitzean erabiliko ditugun mezuak, goiko puntutik eratorriak, definitu eta idatzi behar dira.
4. Exekuzioa. Ekintzak martxan jartzea.
Aldez aurretik marraztutako estrategia bideratzeko sasoia heldu da. Laugarren fase honetan aurrekontuak zehaztu, hornitzaile guztiekin hitz egin, diseinu definitiboak prestatzen hasi eta produkzio lanak hasiko dira.
Oso garrantzitsua da fase honetan gauzak modu zuzenean, garbian eta argian egitea. Zintzotasunez jokatzea. Honetarako kanpainan parte hatzen duten profesionalen jakintza eta trebezia behar-beharrezkoak dira. Esperientziaren balioa izugarria da. Baita gazteen freskotasuna eta ideia berriak martxan jartzeko gogoa.
Bukatzeko, ebaluaketa sasoian sartuko ginateke. Etengabe egin behar dugun azterketa. Ondo baino hobeto ezagutzeko gure markari merkatuak egin dion harrera eta komunikazio ekintzen ondorioz lortutako emaitzak. Puntu honetan komenigarria da bezeroari entzutea eta modu objektiboan ikuspegi kritikoa eta eraikitzailea jorratzea. Beti ezin delako asmatu, baina prozesua behar den moduan jarraitzen baldin badugu, gure markak nahi ditugun helburuak lortzeko oinarri sendoak izango ditu.