Burutün liburuetan aurkituko ditugun tipografiak modu erraz batean identifikatzeko baliagarria den orri-markatzaile tipografikoa garatu dugu.
Paperezko orri-markatzailean liburu eta aldizkarien publikazioetan erabiltzen diren hogei tipografia erabilienen zerrenda aurkituko duzue: Arial, Baskerville, Bodoni, Caslon, Century Old Style, Garamond, Sabon, Palatino, Sanchez, Georgia, Baskerville Italic, Utopia, Times, Plantin, Athelas, Open Sans, Berling, Times New Roman, Helvetica eta Linux Libertine.
Horretaz gain, markatzaileak trokelatutako eta tamaina ezberdineko hiru lauki ditu. Modu honetan letrak banaka ikusteko aukera izango dugu, bakoitzaren detaile gehiago bereiziz.
Momentuz, orri-markatzailearen 500 ale inprimatu dira. Hauek gure bezero eta hornitzaileek jasoko dituzte. Opari original honi esker, udako irakurketak atseginagoak izango dira.
Tipografiaren garrantzia markagintzan
Marka baten nortasun bisuala garatzen dugunean, tipografia da oinarrizko elementuetariko bat. Branding proiektu baten baitan beharrezkoa da tipografia egoki baten aukeraketa. Honek, marka unibertso koherente, logiko eta ezberdina lantzeko aukera eskainiko digu. Familia tipografiko, talde eta sailkapen asko existitzen dira.