Azkenaldian podcasten arrakastak gora egin du eta horrek euskal komunitatean ere bere eragina izan du. Izan ere, geroz eta gehiago dira kanal berri honetara aldatu eta edukia bertan sortzen ari direnak. Marka eta komunikazioa lantzeko tresna bikaina dira podcastak. Eduki honen sorreraren igoera aintzat hartuta, zenbait podcast plataforma sortu dira Horien artean ZuZeu podcast (Podcast.eus-en entzungai) edo EITB podcast, beste askoren artean. Baina, zeintzuk dira gaur egun bogan dauden euskal podcastak?
Hamar euskarazko podcast
1. BENETAN ZABIZ?
“Gaien aldetik mugarik ez dago eta istorio pertsonaletik abiatuta.”
Aitziber Gradosen eta Malen Altunaren eskutik, “Benetan zabiz?” podcasta. Ez dira gai zehatz batera mugatzen, izan ere, istorio pertsonaletatik abiatuta, gonbidatuen sekretu ilunak plazaratzea dute helburu eta sare sozialetan azken aldian pisua bereganatu dute. Askotariko gonbidatuak dituzte eta haien bizipenetan oinarritutako istorio dibertigarriak azaltzen dituzte saio bakoitzean. Hauen artean Mikel Lizarralde, Aitziber Garmendia, Aissa Intxausti, Olatz Salvador edo Jokin Altuna.
2. GAZTEAK EUSKARAZ
“Gazteen komunikazio-gaitasunaren garapenean lagungarri izatea da material honen helburua.”
Labayru Fundazioak ekoiztutako podcasta da “Gazteak euskaraz”. Gazteen komunikazio-gaitasuna eta euskararen erabilpena sustatzea du helburu. Horretarako, eremu ezberdinetan izan beharreko gaitasunak lantzen dira.
3. BARRUAN GAUDE
“Astero pertsonaia baten etxera sartuko ditugu mikrofonoak.”
Oier Aranzabalek aurkezten du “Barruan gaude” podcasta. Elkarrizketak dira podcasten honen ardatz nagusia. Astero pertsona bat gonbidatzen du Oierrek, bere etxera sartu eta berarekin solasean jarduteko. Intimitateetatik bizipenetara egiten du jauzi podcastak. Blanca Urgell, Aitziber Garmendia, Antton Telleria edota June Fernandez izan ditu gonbidatu gisa.
4. EZ HAIN ONDO
“Zer moduz zaude? Ez hain ondo”
Zer moduz galderari erantzuteko “Ondo” baliatzen dugunean atzetik kezkatzen gaituzten kontuen segida gorde ohi dugu. Erantzun luzeagoak behar dituen galdera horri buruzko saioak dakartza podcast honek Irati Perez psikologoaren ahotsetik. Ane Zuazubiskar kazetariaren galderetatik abiatuta sortzen ditu hausnarketak.
5. YOKO ONA
“Musikak egin dizkien ekarpenak eta bizi izandako egoera eta pasadizoak, modu atseginean aztertuz.”
Olatz Salvadorrek eta Lore Nekane Billelabeitiak, Ainhoa Vitoriarekin batera, euren musika ibilbide profesionalean bizitako anekdotak izaten dituzte aztergai “Yoko ona” bideopodcastean. Laugarren denboraldia gauzatu dute azken hilabeteotan eta arrakasta handiko edukia da. Gonbidatuen bizipenek eta hausnarketa pertsonalek xarma berezia eskaintzen diote podcastari.
6. KIROLARI GAITTUN
“Emakumezko kirolariak ardatz dituen podcast saioa.”
Emakume kirolariak dira “Kirolari gaittun” podcastaren protagonistak. Ane Urkirik eta Maddi Garmendiak gidatzen dute saio hau, eta emakumeen kirol arloa eta bestelako gorabeherak izaten dituzte aztergai.
7. (MIN)BIZI
Inurri Elkartearen podcsta da “(Min)bizi”. Olatz Mercaderrek gidatzen du eta bularreko minbizia izan duten emakumeen bizipenak biltzen ditu. Gonbdiatu ezberdinekin sortzen dute saio bakoitza eta gai ezbzerdinak jorratzen dituzte gaixotasunaren barruan.
8. NEW YORKEKO MUNDUAK
“Orain berriz hasiko naiz zeregin berarekin, zuek kutxak zabaldu besterik ez duzue egin behar.”
Kirmen Uribek “New Yorkeko munduak” podcastean Euskaldunon egunkarian eta Berrian aritu zeneko zutabeak memoria-kutxa txikien gisakoak zirela dio. Horiek berriro irekitzen hasi eta horien inguruan hausnartzeko podcasta aurkezten du.
9. ZAITUN
“Historiaren testigu mutuak direla pentsatuko dute askok, baina haien fruituek, olibek, hizkuntza unibertsala hitz egiten dute.”
Ane Irazabal arrasatearrak aurkezten du “Zaitun” podcasta, non Mediterraneoko txoko desberdinetako kontuak hurbiltzen dizkion entzuleari: Italiako nondik-norako politikoak edo errefuxiatuak, esate baterako.
10. BTN
ARGIAko podcast honek Aner Peritz, Leire Vargas, Oihana Arana eta Haizea Arana ditu aurkezle lanetan. Bertso Txapelketaren inguruko epai irizpideez aritzeaz gain, umorearen erabileraz, bertsolarien estilismoaz eta bestelako gaiak dituzte mintzagai bertsolaritzaren inguruan. Horrez gain, bigarren denboraldiari hasiera eman diote aurkezle bat gutxiago izanik eta Euskal kultur esferako pertsonak gonbidatuta, aktualitate kutsudun solas eta jolasak sortuz.
Argi geratu da, beraz, podcastak komunikaziorako tresna garrantzitsua bilakatu direla azken urteotan eta hauen ekoizpenak gora jo duela ezinbestean. Askotan, podcastak filmatzera batzen diren pertsonen artean sare sozialetan euskarazko edukia partekatzen dutenak daude.