Dakizuen legez, Koronabirusa edo COVID-19 birusaren pandemiak egoera larria sortu du. Honen ondorioz, askok etxetik lan egin beharko duzue lehen aldiz.
“Telelana: etxetik lantaldean aritzeko 10 aholku” post honetan gure esperientzia azaldu nahi dizuegu. Burutü agentzia 2011. urtean sortu eta hasierako bi urteetan etxetik lan egin genuen. Gaur egun ere, askotan etxetik lan egiten dugu proiektuaren eta gure bizitzen arteko oreka bilatzeko asmoarekin.
Badakigu etxetik lan egitea askorentzat ez dela erraza izango, eta horregatik gure esperientzian oinarritutako aholku sinple baina eraginkor hauek jaso ditugu. Animo eta eutsi goiari!
Telelana: etxetik lantaldean aritzeko 10 aholku
1. Ordutegiak errespetatu.
Ohitura edo errutina zehatz bat jarraitzea oso lagungarria izaten da. Lanegunaren ohiko ordutegia betetzen saia zaitezte, ordutegiak errespetatu ahalik eta modurik eraginkorrenean.
2. Atsedenaldiak hartu.
Lankideekin ditugun kafetxurako une hoiek guztioi gustatzen zaikigu. Gure kasuan bereziki, sormena bultzatzeko ezinbestekoak dira atsedenaldiak. Ondorioz, hartu denbora libre bat zuretzat, gozatu eta lasai egon.
3. Lanerako toki txukuna egokitu.
Benetan gomendagarria iruditzen zaigu etxean toki finko bat izatea lan egiteko. Aukera izanez gero, txoko polit bat prestatu lan egiteko. Atsegina eta egokia izan beharko da, azken finean, ordu dexente emango dituzu bertan. Komenigarria da beti leku berean lan egitea, eta posible bada, behin lan eguna bukatuta bertatik aldendu: atea itxi edo beste gela batera joan.
4. Lantaldean batzartzeko teknologiak erabili.
Lankide, bezero zein hornitzaile ezberdinekin hitz egiteko Skype, Hangouts edota Whatsapp-a erabili ahal dituzu. Beste tresna asko ere egon badaude, facebook edo instagram sareak ere erabil daitezke. Helburua pertsonak zuzenean ikustea izango da, bilerak gauzatu eta adostasunetara heldu.
5. Bileretarako ordu eta iraupen zehatzak ezarri.
Lantaldean bakoitza bere etxetik aritzen denean, komeni da ordu zehatzak finkatzea elkarrekin aritzeko eta eguneko lanak elkarbanatzeko. Egun guztietan batzarretarako ordutegi finko hoiek errepikatzen badituzue, azkenean ohituko zarete eta askoz errazagoa bilakatuko da. Hemen dituzue aholku gehiago bileren eraginkortasunaren inguruan.
6. Proiektuak antolatzeko online tresnak baliatu.
Gaur egun hainbat software edo tresna ezberdin daude proiektuen antolakuntzan elkarrekin aritzeko. Lan ezberdinetan bakoitzaren egitekoa banatzeko, antolatzeko eta aurrera ateratzeko. Aukera ezberdinak daude merkatuan: kanbanflow, zoho, kanbanize, trello, slack eta abar luzea.
7. Denbora neurtu.
Helburua oso sinplea da, proiektu bakoitzari dagozkion orduak sartzea. Horretarako guk Mite izeneko free software bat erabiltzen dugu. Sarean denbora neurtzeko hamaika aukera ezberdin aurkituko dituzue.
8. Besteari entzun.
Bakoitza bere etxetik ari denean, berebizikoa da bestearen argudio eta azalpenak adi entzutea. Hitz egin argi eta lasai, emaiozu lankideari denbora bere iritzia ondo azaltzeko eta laguntza eskaini.
9. Ideiak argi eta garbi adierazi.
Publizitate agentzietan edota sormen lanetan gabiltzanok, ideia berriak sortzeko bilera luzeak egitera ohituta gaude. Brainstorming edo antzeko teknika erabiliz, txandaka bada ere, askotan kaos txiki baten bizi gara. Etxetik lan egiterakoan ordea, bakoitzaren ideiak azaltzeko eta modu argian hitz egiteko prozesuak errespetatu behar dira. Saia zaitezte ideien jario hau ondo antolatzen eta kudeatzen.
10. Pazientzia landu.
Aukera ona izan daiteke normaltasunean alde batera edo gerorako uzten ditugu lan hoiek ere egiteko. Lasai hartu, gauzak hitz egin eta ahal den neurrian denon artean aurrera egin.