Burutü lantaldean urtebete baino gehiago daramagu telelanean. 2020ko martxoaren 13an, Covid-19 birusaren pandemia gure bizitzaren parte izatera pasatu zenean, garrantzitsuena laneko segurtasuna eta osasuna zirela erabaki genuen, eta beraz, etxetik lan egitearen alde egin genuen.
Ordutik, gure proiektuak eraginkortasunez gauzatzeko aukera ematen digun online lan prozesua garatu dugu.
Publizitatearen eta komunikazioaren sektoreko profesionalak gara, eta gure egunerokotasunean tresna teknologiko ugari kudeatzen ohituta gaude. Honek guztiak online lan prozesuan zehar etengabeko ikasketa eta hobekuntza erraztu du.
Urte bitxia eta konplexua izan da mundu guztiarentzat, baina harrotasunez esan dezakegu 12 hilabete baino gehiagoko lana egitea lortu dugula, zeinetan talde osoak bikain ikasi dituen lan egiteko jarraibideak burutü aurrera jarrai dezan.
Zeintzuk izan dira telelanaren gakoak burutü agentzian?
1. Antolaketa, antolaketa eta antolaketa.
Egunero bilera labur bat egiten dugu goizeko lehen orduan, eguneko eginkizunak zehazteko. Horretarako, kanban metodologia erabiltzen dugu, zeinarekin taldeko pertsona bakoitzak bere zereginak azaltzen dituen eta eraginkortasunez zehazten diren.
2. Talde lana, lankidetza eta laguntza.
Talde bat gara. Izan ere, telelanaren gakoetako bat hau izan da. Nahiz eta distantzian egon eta pantailaren bitartez soilik ikusten garen, gertutasuna erakusten eta lankidea laguntzen saiatzen gara egunero.
3. Emaitzetarako orientazioa.
Inplikazio maila handiarekin eta emaitzarik onenak bilatzen kudeatzen ditugu bezero bakoitzaren proiektuak. Marketing digitala, markagintza, komunikazio estrategikoko aholkularitza, publizitate kanpainetako edo bestelako edozein proiektuetarako helburu zehatzak finkatzen ditugu, emaitzarik onenak lortzeko asmoarekin. Ezaugarri hau jada burutü taldean barneraturik zegoen eta telelanarekin areagotu da.
4. Denboraren kudeaketa.
Garatzen ditugun proiektu eta zerbitzu guztiak neurtzeko denbora kudeatzen laguntzen digun softwarea erabiltzen dugu. Proiektuak kontrolatzeko metodo bat da, lan bakoitzean lantaldeak dedikatzen dituen orduak ezagutzea eta kuantifikatzea helburu duena. Horrela, zehaztutako helburuen arabera ahalegin kolektiboa doitzea eta zereginak banatzea lortzen dugu.
5. Jarrera positiboa.
Zalantzarik gabe, burutü taldearen egokitzapen eta etengabeko hobekuntzarako faktore nagusienetako bat proiektu bakoitzean espiritu positiboa eta hobetzeko gogoa transmititzea izan da. Gure lanbidea pasioz, ilusioz eta ausardiaz bizitzen dugu. Talde lanari eta ikuspegi kolektibo pragmatiko eta eraikitzaileari esker, egunero etxetik lan egitera ohitu gara, guztion lana erraztuz. Honako hau bezero, hornitzaile eta burutü agentziarekin harremana duten pertsona guztiei helarazten saiatzen garelarik etengabe.
Laburbilduz, telelanean urtebete baino gehiago egitea harrotasunez erakusteko gertaera dela iruditzen zaigu. 2020ko martxotik 2021eko martxora, hazi eta bezero zein proiektu zorroa zabaltzea lortu dugu, eta egunez egun hobetzen jarraitzen dugu zerbitzu osoagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko.
Eskerrik asko gugan sinistu duzuen guztioi. Dabilen harriari, goroldiorik ez.