Clubhouse, gaur egun ditugun sare sozial guztietatik aldentzen den sarea da. Egungo gizartean era askotako milaka sare sozial aurkitu ditzakegun arren, Paul Davidson eta Rohan Seth ekintzaileek harritu egin gaituzte eta sare berritzailea eta ezberdina sortu dute.
Sare berri hau, 2020. urteko maiatzean atera zuten eta jada 3 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu mundu osoan zehar. Bere sortzaileek sare ezberdin bat ateratzeko helburua zuten eta audioetan oinarritutako sare sozialik ez zegoela ohartu zirenean, Clubhouse sortzeko ideia izan zuten.
Bogan dagoen sare sozial honen funtzionamendua eta berezitasunak bildu ditugu post honetan, gure gizartean laster barneraturik egongo den sarea izango baita eta markentzat komunikazio kanal bat izan daitekeelako.
Zer da ClubHouse?
Clubhouse audioak soilik partekatzen oinarritzen den sare soziala da; izan ere, bertan ez ditugu ez irudirik ezta bideorik aurkituko. Sarean zehar gela edo espazio birtualak daude, zeinetan gai ezberdinen inguruan hitz egiten edo eztabaidatzen den. Hau da, mahai-inguru birtualak direla esan dezakegu.
Erabiltzaileek gelak sortu edo jada sortuta dauden geletan hartu dezakete parte. Gela bakoitzak beraz, moderatzaile rola hartzen duen erabiltzaile bat dauka, gela sortu duena, eta bisitatzen duten entzule guztiak.
Orokorrean, parte hartzaile guztien artean gutxi batzuk daukate askatasunez hitz egiteko aukera, protagonistak izango direnak. Hala ere, gainerako entzuleek zerbait aipatu edo partekatu nahi izatekotan, baimena eskatu dezakete eta elkarrizketan sartu daitezke.
Sare sozialaren berezitasunak
Clubhouse aplikazioaren berezitasun nagusiena soilik audioak partekatzeko erabili daitekeela da. Irratiko edo podcast bateko elkarrizketa bat entzutea bezalako esperientzia izan daiteke, baina kontuan hartuta, baimena eskatuz gero, zuzenean eztabaidaren parte izan zaitezkeela.
Gela birtual bakoitzean sortzen diren eztabaidak edo elkarrizketak ez dira gordeta geratzen. Hau da, behin saioa bukatzen denean, bertan esandako guztia galtzen da. Ez dago aukerarik saioak grabatzeko edo deskargatzeko, ezta transkribatzeko ere. Clubhouse sarearen edukia, hortaz, iragankorra da.
Sare honetan zenbait famatu eta enpresa handien sortzaileak hasi dira aktiboki parte hartzen. Hori dela eta, erabiltzaileei pertsona famatuekin hitz egiteko eta ideiak partekatzeko aukera eskaintzen die aplikazio honek.
Momentuz, IOS sistema operatiboa dutenek bakarrik izan daitezke sare sozial honen parte. Hala ere, sortzaileek esan dutenaren arabera, Android sistemarako bertsioa prestatzen hasi dira jada.
Clubhouse dagoeneko Android sistema operatiboan
Maiatzaren 21era arte, IOS sistema operatiboa zutenek baino ezin zuten erabili aplikazio hau. Orain, Android-erako BETA bertsio bat plazaratu dute Clubhouse-ko sortzaileek.
Gainera, oraingoz, sare berri honetan profila sortzeko ezin daiteke aplikazioa deskargatu eta izena eman. Jada erregistratuta dagoen erabiltzaile baten gonbidapen zuzena beharrezkoa izango da.
Hala ere, sare sozial honen potentziala handia da. Hurrengo urteetan gure bizitzaren parte izango dela aurreikusten da, eta beraz, enpresaren komunikazio aldetik, kontsideratu behar den sarea bilakatuko da. Izan ere, Clubhouse sarearen bitartez, gure publiko potentzialentzat interesgarria den edukia partekatzeko aukera izango dugu, baita haiekin komunikatzeko bide berria eta zuzena ere.