Burutün bi urte oso daramatzagu online lan egiten, eta publizitate-agentzia batean telelanaren bost abantailak laburbildu nahi ditugu post honetan.
2020ko martxoan salbuespenezko neurri gisa hasi zena, Bilboko gure publizitate-agentziaren ohiko lan-modu bilakatu da.
Gaur egun, bi urte daramatzagu telelanean, eta, nahiz eta noizean behin taldeko dinamika sortzaileak egiteko bulegoan elkartu, gure publizitate-agentzian telelanarekin modu eroso, eraginkor eta arinean lan egitea lortu dugu.
Zeintzuk dira telelanaren abantaila nagusiak publizitate-agentzia batean?
1. Joan-etorri gutxiago, gozatzeko denbora gehiago
Egunero bulegora joan behar izana saihesten dugu, eta, beraz, askoz denbora gehiago irabazten dugu gure bizitza pertsonalerako (familia, lagunak eta aisialdia). Kasu batzuetan urtean 400 ordu baino gehiago aurreztu izan dira etxetik bulegora joateko, eta alderantziz.
2. Egunerokotasunaren kudeaketa hobea
Taldean telelana egitean, proiektu bakoitzari eskainitako denbora optimizatzera bideratutako lan-prozesuen metodologiak aplikatzea erabaki genuen. Proiektu bakoitzaren orduak zehaztasunez definituta, hauek, modu argi eta zehatzean gauzatzea lortu dugu. Aurrez aurreko lanean erabiltzen genuen metodologiari telelanaren sistema aplikatzeak, helburu lorgarriak eta onargarriak markatzen lagundu digu. Proiektuak denbora laburragoan eta aurrez aurre lan egiten genuenean baino emaitza hobeekin amaitzea lortu dugu.
3. Talde estua sortu dugu, “piña” bat gara (birtuala bada ere)
Hasiera batean uste genuen online lan eginez gero, Burutüko pertsonen arteko harremana hoztu egingo zela. Bitxia bada ere, harreman estua eta oso lan-giro ona mantentzea lortu dugu. Horretarako, egunero online bilerak antolatzen ditugu, dinamizatuak eta kanban metodologiaren bidez egituratuak, etengabeko lankidetzan oinarrituz. Elkartasuna, hurbiltasuna eta enpatia dira honaino iristea ahalbidetu diguten gakoetako batzuk.
4. Sormenari sortzen uztea
Egia da oraindik ere badugula espazio komun bat (bulegoa), noizean behin, “brainstorming” edo “ideia-zaparrada” saioen bidez, elkarreragiteko edo aurrez aurreko bilerak egiteko erabiltzen duguna. Baina egiaztatu dugu online lan eginez gero, urrutitik egin ditzakegula taldekako saio sortzaileak. Gainera, proiektu bakoitzaren erronkak eta helburuak banaka prozesatzeko aukera izateak, lasaitasun handiagoa ematen digu.
5. Kaferako etenaldia vs atseden hartzeko benetako etenaldia
Lehen, aurrez aurre lan egiten genuenean, atsedenaldi bat partekatzen genuen bulegoaren ondoan kafe bat hartuz. Gaur egun ez dugu kafea taldean hartzen, bakoitzak bere etxetik egiten baitu lan. Baina atseden hartzeko, erlaxatzeko, paseatzeko edo naturaz gozatzeko aukera dugu. Benetako kit-kat edo atseden-denbora erreala eguneroko lanaldian.
Errealitateak zeharo harritu gaitu gure publizitate-agentziarentzat telelana aukera paregabea izan dela ikusaraziz. Pertsonen osasuna eta ongizatea lehenesten dituen lan-filosofia abegitsu eta atsegina bultzatu dugu. Gainera, egunez egun hazten ari gara branding, publizitate, marketin eta komunikazio proiektu berriekin.
Burutün aurrera egiten eta berrasmatzen jarraitzen dugu erronka eta proiektu berriei erantzuteko, etengabe gozatzeko eta ikasteko gai izanik. Henry Forden esaldi ospetsuak dioen bezala “Biharko eguna inoiz ez dela helduko uste dugunean, dagoeneko iragana bihurtu da.”
Gure Bilboko bulegoaren kanpoaldean Burutüren espiritua mantentzen duen horma-irudi berria dugu orain dela aste batzuetatik, originala eta desberdina.
2021ean gure nortasun grafikoa berritu genuen, grafika malgu, moldagarri, arin eta adimentsua sortuz. Bezeroei, hornitzaileei eta partnerrei kontsulta egin ondoren, branding-hausnarketa estrategiko batetik abiatuta diseinatu genuen ikus-identitate moderno hau.
Errotulazio nagusitik eta kanpoko pertsianetatik hasita, 2022an gure Bilboko bulegoa berritzeko erabakia hartu dugu.
Horretarako, TOMO estudio-ren laguntza izan dugu. Gure grafiko korporatibotik abiatuta eta Burutüren espiritu sortzaile eta digitalean oinarrituta, horma-irudia garatu dute gure bulegoetako kanpoko pertsianetan.
Etxebarria Parkearen ondoan aurkitzen den gure bulegoaren aurrealde berriak unibertso grafiko dinamikoa erakusten du. Han agentziaren kolore korporatiboak nagusitzen dira, naturan inspiratutako elementu geometriko ugarirekin batera.
“Egunero sormena lantzen” leloak gure agentzia-filosofiari egiten dio erreferentzia. Burutüko taldean uste dugu sormena egunez egun lantzen dela, joera kultural berriak arakatuz, eta ideia eta proiektu artistiko berritzaileetan eta gure sektoreko jardunbide onenetan inspiratuz.
Hainbat izan dira unibertso birtual paraleloaren inguruan sortu diren espekulazioak Mark Zuckerberg-ek metabertsoaren aldeko apostua iragarri zuenetik. Baina, zertan datza metabertsoa?
Zer da metabertsoa?
Metabertsoa unibertso birtual paralelo bat da, non esperientzia murgiltzaileak bizitzen diren. Egungo sare sozialen bilakaera bat, alegia.
Unibertso birtual honetan murgiltzeko ezinbestekoak izango dira teknologia berriak; hala nola, betaurreko birtualak edo agian oraindik ezagutzen ez ditugun osagarriak. Metabertsoak eskaintzen dituen aukerak bizi ahal izateko, abatar bat sortu beharko da; mundu birtualeko gure alter egoa.
Metabertsoa bi munduren arteko fusioa izango da: digitala eta fisikoa.
Metabertsoan aukerak: gure markaren publizitatea eta komunikazioa garatzeko bide berriak
Metabertsoa gure egunerokoan errealitate gisa finkatzen denean, gaur egun Internet bezala ezagutzen dugunaren oinordekoaren aurrean egongo gara.
Kontzertuak, lan-bilerak, hitzaldiak edo erosketak egin ahal izango ditugu. Mundu fisikoan gozatzen ditugun esperientziez gozatzea da metabertsoaren helburua.
Marka eta konpainia handiak metabertsoaren aldeko apustua egiten hasi dira. Microsoft-ek, Google-k eta Amazon-ek ez ezik, Zara, Adidas, Nike edo Gucci bezalako moda-marka finkatuek ere metabertsoan edizio mugatuko aktiboak edo artikuluak eskaini dituzte.
Kataluniak bere metabertsoa sortu du, CatVers, katalan kultura eta euren hizkuntza sustatzeko helburuarekin. Momentuz, bilerak ospatzeko gunea bada ere, otsailean zehar arte erakusketak antolatuko dira eta urte amaierarako kanpus unibertsitario bat egitea dute xede.
Metabertsoan euskaraz
Baina, ba ote dago orain euskal erreferentziarik metabertsoan? 1977an Juan Garzia kritikariak hitz hau aipatu egin zuen bere lanean. Dirudienez, aipu hau da euskarak metabertsoarekin duen lotura bakarra.
Baina nork daki, beharbada hemendik eta denbora gutxira, Burutü Agentziako bilerak, mundu fisikoan ez ezik mundu digitalean ere ospatu ahal izango ditugu.