Publizitate-Agentzian telelanean aritzearen 5 abantailak

Publizitate-Agentzian telelanean aritzearen 5 abantailak

Burutün bi urte oso daramatzagu online lan egiten, eta publizitate-agentzia batean telelanaren bost abantailak laburbildu nahi ditugu post honetan.

2020ko martxoan salbuespenezko neurri gisa hasi zena, Bilboko gure publizitate-agentziaren ohiko lan-modu bilakatu da.

Gaur egun, bi urte daramatzagu telelanean, eta, nahiz eta noizean behin taldeko dinamika sortzaileak egiteko bulegoan elkartu, gure publizitate-agentzian telelanarekin modu eroso, eraginkor eta arinean lan egitea lortu dugu.

Zeintzuk dira telelanaren abantaila nagusiak publizitate-agentzia batean?

1. Joan-etorri gutxiago, gozatzeko denbora gehiago

Egunero bulegora joan behar izana saihesten dugu, eta, beraz, askoz denbora gehiago irabazten dugu gure bizitza pertsonalerako (familia, lagunak eta aisialdia). Kasu batzuetan urtean 400 ordu baino gehiago aurreztu izan dira etxetik bulegora joateko, eta alderantziz.

2. Egunerokotasunaren kudeaketa hobea

Taldean telelana egitean, proiektu bakoitzari eskainitako denbora optimizatzera bideratutako lan-prozesuen metodologiak aplikatzea erabaki genuen. Proiektu bakoitzaren orduak zehaztasunez definituta, hauek, modu argi eta zehatzean gauzatzea lortu dugu. Aurrez aurreko lanean erabiltzen genuen metodologiari telelanaren sistema aplikatzeak, helburu lorgarriak eta onargarriak markatzen lagundu digu. Proiektuak denbora laburragoan eta aurrez aurre lan egiten genuenean baino emaitza hobeekin amaitzea lortu dugu.

3. Talde estua sortu dugu, “piña” bat gara (birtuala bada ere)

Hasiera batean uste genuen online lan eginez gero, Burutüko pertsonen arteko harremana hoztu egingo zela. Bitxia bada ere, harreman estua eta oso lan-giro ona mantentzea lortu dugu. Horretarako, egunero online bilerak antolatzen ditugu, dinamizatuak eta kanban metodologiaren bidez egituratuak, etengabeko lankidetzan oinarrituz. Elkartasuna, hurbiltasuna eta enpatia dira honaino iristea ahalbidetu diguten gakoetako batzuk.

4. Sormenari sortzen uztea

Egia da oraindik ere badugula espazio komun bat (bulegoa), noizean behin, “brainstorming” edo “ideia-zaparrada” saioen bidez, elkarreragiteko edo aurrez aurreko bilerak egiteko erabiltzen duguna. Baina egiaztatu dugu online lan eginez gero, urrutitik egin ditzakegula taldekako saio sortzaileak. Gainera, proiektu bakoitzaren erronkak eta helburuak banaka prozesatzeko aukera izateak, lasaitasun handiagoa ematen digu.

5. Kaferako etenaldia vs atseden hartzeko benetako etenaldia

Lehen, aurrez aurre lan egiten genuenean, atsedenaldi bat partekatzen genuen bulegoaren ondoan kafe bat hartuz. Gaur egun ez dugu kafea taldean hartzen, bakoitzak bere etxetik egiten baitu lan. Baina atseden hartzeko, erlaxatzeko, paseatzeko edo naturaz gozatzeko aukera dugu. Benetako kit-kat edo atseden-denbora erreala eguneroko lanaldian.

 

Errealitateak zeharo harritu gaitu gure publizitate-agentziarentzat telelana aukera paregabea izan dela ikusaraziz. Pertsonen osasuna eta ongizatea lehenesten dituen lan-filosofia abegitsu eta atsegina bultzatu dugu. Gainera, egunez egun hazten ari gara branding, publizitate, marketin eta komunikazio proiektu berriekin.

Burutün aurrera egiten eta berrasmatzen jarraitzen dugu erronka eta proiektu berriei erantzuteko, etengabe gozatzeko eta ikasteko gai izanik. Henry Forden esaldi ospetsuak dioen bezala “Biharko eguna inoiz ez dela helduko uste dugunean, dagoeneko iragana bihurtu da.”

Egunero sormena lantzen: horma-irudi berria Burutüren bulegoan

Egunero sormena lantzen: horma-irudi berria Burutüren bulegoan

Gure Bilboko bulegoaren kanpoaldean Burutüren espiritua mantentzen duen horma-irudi berria dugu orain dela aste batzuetatik, originala eta desberdina.

2021ean gure nortasun grafikoa berritu genuen, grafika malgu, moldagarri, arin eta adimentsua sortuz. Bezeroei, hornitzaileei eta partnerrei kontsulta egin ondoren, branding-hausnarketa estrategiko batetik abiatuta diseinatu genuen ikus-identitate moderno hau.

Errotulazio nagusitik eta kanpoko pertsianetatik hasita, 2022an gure Bilboko bulegoa berritzeko erabakia hartu dugu.

Horretarako, TOMO estudio-ren laguntza izan dugu. Gure grafiko korporatibotik abiatuta eta Burutüren espiritu sortzaile eta digitalean oinarrituta, horma-irudia garatu dute gure bulegoetako kanpoko pertsianetan.

Etxebarria Parkearen ondoan aurkitzen den gure bulegoaren aurrealde berriak unibertso grafiko dinamikoa erakusten du. Han agentziaren kolore korporatiboak nagusitzen dira, naturan inspiratutako elementu geometriko ugarirekin batera.

“Egunero sormena lantzen” leloak gure agentzia-filosofiari egiten dio erreferentzia. Burutüko taldean uste dugu sormena egunez egun lantzen dela, joera kultural berriak arakatuz, eta ideia eta proiektu artistiko berritzaileetan eta gure sektoreko jardunbide onenetan inspiratuz.

 

Badator Metabertsoa

Badator Metabertsoa

Hainbat izan dira unibertso birtual paraleloaren inguruan sortu diren espekulazioak Mark Zuckerberg-ek metabertsoaren aldeko apostua iragarri zuenetik. Baina, zertan datza metabertsoa?

Zer da metabertsoa?

Metabertsoa unibertso birtual paralelo bat da, non esperientzia murgiltzaileak bizitzen diren. Egungo sare sozialen bilakaera bat, alegia.

Unibertso birtual honetan murgiltzeko ezinbestekoak izango dira teknologia berriak; hala nola, betaurreko birtualak edo agian oraindik ezagutzen ez ditugun osagarriak. Metabertsoak eskaintzen dituen aukerak bizi ahal izateko, abatar bat sortu beharko da; mundu birtualeko gure alter egoa.

Metabertsoa bi munduren arteko fusioa izango da: digitala eta fisikoa.

Metabertsoan aukerak: gure markaren publizitatea eta komunikazioa garatzeko bide berriak

Metabertsoa gure egunerokoan errealitate gisa finkatzen denean, gaur egun Internet bezala ezagutzen dugunaren oinordekoaren aurrean egongo gara.

Kontzertuak, lan-bilerak, hitzaldiak edo erosketak egin ahal izango ditugu. Mundu fisikoan gozatzen ditugun esperientziez gozatzea da metabertsoaren helburua.

Marka eta konpainia handiak metabertsoaren aldeko apustua egiten hasi dira. Microsoft-ek, Google-k eta Amazon-ek ez ezik, Zara, Adidas, Nike edo Gucci bezalako moda-marka finkatuek ere metabertsoan edizio mugatuko aktiboak edo artikuluak eskaini dituzte.

Kataluniak bere metabertsoa sortu du, CatVers, katalan kultura eta euren hizkuntza sustatzeko helburuarekin. Momentuz, bilerak ospatzeko gunea bada ere, otsailean zehar arte erakusketak antolatuko dira eta urte amaierarako kanpus unibertsitario bat egitea dute xede.

Metabertsoan euskaraz

Baina, ba ote dago orain euskal erreferentziarik metabertsoan? 1977an Juan Garzia kritikariak hitz hau aipatu egin zuen bere lanean. Dirudienez, aipu hau da euskarak metabertsoarekin duen lotura bakarra.

Baina nork daki, beharbada hemendik eta denbora gutxira, Burutü Agentziako bilerak, mundu fisikoan ez ezik mundu digitalean ere ospatu ahal izango ditugu.

10 urte sormena lantzen Burutü Agentzian

10 urte sormena lantzen Burutü Agentzian

Burutü agentzian 10 urte bete ditugu, eta hobekien dakigun eran ospatu nahi izan dugu, irribarre batekin eta originaltasunez.

Gure agentziaren filosofia korporatiboa laburbiltzen duen “Elkarrekin Burutü” abestia aurkezten dizuegu: sormena + ezagutza + pasioa.

Azkarregi joan dira hamar urte
egunetik egunera ametsak bete,
ekinaren ekinez, bidean aurrera eginez,
eta emandako hitza bete.

Elkarrekin burutü
Pausoz-pauso burutü
beti aurrera burutü
esan eta burutü

 Briefing eta kontrabriefing,
taldeko dinamikak egin,
telefono deien artean
online bilera bat-batean.

Elkarrekin burutü
Pausoz-pauso burutü
beti aurrera burutü
esan eta burutü

 

Ahotsak: Eneritz González, Pablo Domínguez, Josu Bergara, Laura Almazán, Ainara Menoyo, Jone Etxabe, Melissa Manso y Naia Azpiazu.
Letra eta musika: Josu Bergara
Moldaketak eta musika-ekoizpena: D.S. Damián
Grabaketa estudioa: Blue Bayou Recording Estudios.
Grabaketa eta ikus-entzunezko edizioa: Jabi Jubera
Ideia originala: Burutü

Egunetik egunera hazten, ekinaren ekinez eta ilusioz

Marka, publizitate eta komunikazio estrategikoko proiektuen arduradun bezala hainbat agentzia eta enpresetan urte batzuk eman ondoren, 2011 urtean Eneritz Gonzalez, Pablo Dominguez eta Josu Bergara-k Burutu agentzia sortu zuten.

Gutxinaka Burutü handitzen joan da, eta gaur egun, markagintza, publizitatea eta komunikazio estrategikoarekin lotutako era guztietako proiektuak garatzeko ezagutza, talentua eta esperientzia duten 8 profesionalek osatzen dute lantaldea.

Gure proiektua pertsona askoren laguntzarekin hazi da, eta hemendik eskertu nahi diegu haien inplikazioa eta babesa. Orain arte lanean jardun dugun eta jarduten ari garen bezero guztietatik hasi eta burutustyle asko duten hornitzaile eta kolaboratzaile sare geroz eta zabalago bateraino. Eta nola ez! Ibilbide profesionala osatzeko helburuarekin Burutütik igaro diren pertsona guztiei.

ESKERRIK ASKO GUZTIOI!

Whatsapp Business: ezaugarriak eta berezitasunak

Whatsapp Business: ezaugarriak eta berezitasunak

WhatsApp egunero erabiltzen dugun mezu zuzenen sare soziala da, eta enpresa askorentzat bezeroekin kontaktatzeko kanal oso interesgarria. Horregatik, aplikazio honen sortzaileek WhatsApp Business bertsioa sortu zuten, enpresentzat pentsatuta dagoena.

Burutü lantaldean WhatsApp-en bi bertsioen ezberdintasunak aztertzen egon gara, Business bertsio honek dituen abantailak ezagutzeko. Abantaila nagusienen artean enpresaren profila sortu daitekeela aurkitzen dugu; izan ere, profil honetan enpresaren inguruko informazio baliotsua partekatu daiteke: helbidea, negozioaren deskribapena, ordutegia, e-maila eta webgunearen esteka. Hala ere, WhatsApp Business honek baditu beste zenbait berezitasun gehiago ere:

WHATSAPP BUSINESS: EZAUGARRI BEREZIAK

1.Mezu automatikoa

Kontaktu berri batek edo 14 egunez mezurik bidali gabe egon den kontaktu batek mezu berri bat bidaltzerakoan agurtzeko mezu automatiko bat jasotzen du. Mezu automatiko hau aktibatu edo desaktibatu daiteke, eta nahi den mezua idatzi daiteke.

2. Baliaezintasun mezua

Mezu hau ordutegi laboraletik kanpo edo opor egunetan erabiltzeko baliagarria da. Kasu horietan kontakturen bat mezu bat bidaltzen duenean, zuzenean momentu horretan ezin izango duela erantzunik izan jakinarazteko mezu bat jasoko du. Mezu honen adibidea honako hau izan daiteke: “Momentu honetan ezin dugu erantzun. Gure ordutegia astelehenetik ostiralera 10:00etatik 19:30etara da. Barkatu eragozpenak.”

3. WhatsApp kontuaren esteka

WhatsApp-en bertsio pertsonalean kontaktu bat beste bateri idazteko bere telefono zenbakia gordetzera behartuta dago. Aldiz, WhatsApp Business bertsioan, kontuaren esteka bat sortu daiteke eta webgunean edo sare sozialen bitartez partekatu daiteke. Horrela, erabiltzaileek estekan klik eginez, enpresari mezu bat bidali ahal izango dio telefono zenbakia gorde barik.

4. Bilaketa aurreratuko iragazkiak

Talde baten testuak, irakurri gabeko mezuak, hedapen-mezuak edo etiketa jakin bat duten txatak bilatzeko iragazkiak eskaintzen ditu WhatsApp-en bertsio honek.

5. Erantzun azkarrak

Zenbait negozioetan behin eta berriro bidali behar diren mezuak izatea suerta daiteke, esate baterako, ogi-denda batean ogi ezberdinen prezioak. Egunero mezu berdinak idazten ez egoteko, erantzun azkar batzuk presta daitezke.

Behin mezu horiek prest daudenean eta bezero bati erantzun hori eman behar zaionean, soilik “/” idatzi beharko da eta, agertzen diren mezuen artean, nahi den erantzuna aukeratu. Honek denbora asko aurrezteko aukera eskaintzen du.

6. Estatistikak

WhatsApp Business bertsioak estatistikak eskaintzen ditu, horien artean honako hauek aurkitzen ditugularik: bidalitako mezu kopurua, kontaktuek jasotako mezu kopurua, irakurritako mezu kopurua eta jasotako erantzun kopurua.

Bestetik, kontaktu bakoitzarekin sortu diren partekatze datu guztiak erakutsiko ditu, adibidez, zenbat mezu bidali diren, partekatu diren multimedia fitxategiak eta dokumentuak.

 

Ikus dezakegunez, beraz, WhatsApp Business bertsioak baditu enpresentzat interesgarriak eta egunerokotasunean baliagarriak diren zenbait funtzio.

Uda gozatu, liburuak maitatu

Uda gozatu, liburuak maitatu

Burutü publizitate agentzian oporrak hartuko ditugu laster. Uztailaren 30etik irailaren 1era burutükideok deskantsatzen eta disfrutatzen egongo gara, irailean indarrak hartuta bueltatzeko eta Markagintzan, Publizitatean, Marketing Digitalean eta Komunikazioa Estrategikoan lanean gogotsu jarraitzeko prest.

Hala ere, oporretara joan baino lehen datozen asteotan liburuak maitatzeko gonbidapena luzatzen dizuegu. Hori dela eta, burutükide bakoitzak liburu bat gomendatuko dizuegu jarraian:

 

Josu Bergara. ➡️ “Kontrako eztarritik”. Uxue Alberdi.

Eneritz González. ➡️ “12 reglas para vivir”. Jordan B Peterson.

Pablo Domínguez. ➡️ “Perro apestoso”. Colas Gutman, Marc Boutavant.

 

Laura Almazán. ➡️ “Coñodramas”. Raquel Córcoles (Moderna de pueblo).

 

Ainara Menoyo. ➡️ “El haiku de las palabras perdidas”. Andrés Pascual.

Melissa Manso. ➡️ “Las vidas que dibujamos”. Óscar Alonso (72 kilos).

Jone Etxabe. ➡️ “Aitaren etxea”. Karmele Jaio.

 

Opor zoriontsuak izan ditzazuen opa dizuegu.