Euskarazko edukia sare sozialetan: Influen-zer?

Euskarazko edukia sare sozialetan: Influen-zer?

Sare sozialek aldaketa aitzindaria sorrarazi zuten egunerokotasunean txertatu zirenetik. Aro digitalean egonik, komunikatzeko, informazioa partekatzeko eta aisialdia bizitzeko modua eraldatu dute. Edukiaren sorreran oinarritzen dira eta argazkiak, bideo laburrak, audioak eta bestelakoak partekatzeko aukera ematen dute.

Gailuekin geroz eta denbora gehiago ematen dugula aintzat hartuta, kontsumitzen den edukiaren egoera aztertu nahi izan dugu Burutün. Eduki hori baina, euskaraz kontsumitzeko aukera dagoela ziurtatu ahal izan dugu. Izan ere, blog honetan sare sozialetan edukia euskaraz sortzen duten batzuk bildu ditugu: dantzariak, abeslariak, erronkak eta vlogak igotzen dituztenak edota hizkuntza ikasteko gomendioak ematen dituztenak. Haien arteko lotura, euskaraz sortutako edukia sareratzen dutela. Ez dira bakarrak, Twitch, Youtube eta TikTok bezalako aplikazioetan beste hainbat aurkitzen ahal ditugu.

Eragin-sortzaileen garaia

Eduki hori propio sortutakoa izan daiteke eta ogibide bihurtu da azken urteotan. Instagram eta Tiktok bezalako plataformek eduki horren sormena hauspotzen dute eta edukiak duen kontsumo mailaren arabera algoritmoak ikusgarritasunaren aldetik gehiago edo gutxiago saritzen du. Eduki sortzaile hauek influencer gisa ezagutzen dira, eta funtsean, eragin-sortzaileak dira. Izan ere, partekatzen dituzten produktu, erronka edo iritziekin haien jarraitzaileengan eragina sortzen baitute.

Sortzaile berri horien artean badaude ere euskaraz edukia sortzen dutenak, eta zorionez, geroz eta gehiago dira plataforma erraldoietan hizkuntza bermatzeko hautua egiten dutenak. Zeintzuk dira Euskal Herrian eragina dutenak?

Eduki sortzaileak euskaraz

1. Anepe Acedo – @anepe.acedo

Anepe dantzaria da eta gorputzarekin formak eta sentsazioak helarazteko duen abilezia baliatzen du edukia sortzeko. Instagram eta TikTok-en sortzen du edukia gehien bat, eta dantza bideoak dira gailentzen direnak. Gainera, hainbat elkarrizketa egin izan dizkiote eta eduki ere baliatzen du euskara sustatu eta bere ibilbidea plazaratzeko. Harrotasunez erakusten du euskalduna dela eta hizkuntzaren inguruko edukia sortzen du maiz. Izan ere, itzulpen edo azalpen txikiak ere igotzen baititu.

2. Kai Nakai – @kai.nakai

Kai Nakai abeslari eta dantzari famatua da. Euskarazko reggaetoia egiteagatik ezaguna da. Gazte askoren artean gailentzen den musika mota izanik, abeslari honek bere edukia abesti eta emanaldi propioen inguruan sortzen du. Profilean partekatzen duen gehiengoa euskaraz da eta dantza zein musikarekin zerikusia du.

3. Guk green – @guk_green

Gastronomia, parajeak eta hizkuntzaren inguruko edukia partekatzen da kontu honetan. Euskal Herriko hiriburu zein herrietako gastronomia bideoak partekatzen dira. Esate baterako, jatetxeak eta tabernak izendatzen dira, baita bertan zer topatzen ahal den adierazi ere. Hizkuntzaren inguruko datuekin ere edukia sortzen da noizbehinka eta informazio baliotsua eskaintzen dio kontsumitzaileari kalitatezko produktuak non aurkitu jakin ahal izateko.

4. Barratik Kalera – @barratik_kalera

Umorea da kontu honen ardatz nagusia eta elkarrizketa laburretatik sortzen dute edukia. Mikrofono txiki batekin ping-pong moduko elkarrizketak egiten dituzte jaialdietan. Erronka txikiak proposatzen dituzte eta galdera dibertigarriak, beraz, sortzen duten edukia erakargarria da eta kontsumitzeko erraza.

5. Alejandro Ugalde – @ugalddd

Sare sozialetan ez du jarraitzaile kopuru nabarmen bat, baina sortzen duen edukia dela eta, interakzio ugari biltzen ditu. Izan ere, musikaren inguruko bideo laburrak igotzen ditu, gomendioekin, bere iritziekin edo abestien laburpenekin. Musikan aditua den Ugaldek askotariko momentuetarako euskarazko abestien zerrendak egiten ditu maiz. Top 10a, jaietarako hamar abesti gustukoenak, larunbatetarako zerrendak eta beste.

6. Etxebarria Trikitilariak – @etxebarriaitasemetriki

Aita eta seme baten sare sozialetako edukia da hau. Emanaldiak ematen dituzteneko edukiak eta gehien bat, umorea da sareetan partekatzen dutena. Semeak gidatzen ditu gehien bat bideoak eta egunerokotasuneko erronka txikiak haien modura betetzen dituzte. Trikitixa eta panderoarekin sortutako abestiekin edukia ere sareratzen dute noizbehinka.

7. Amaia Izar – @amaiaizaar

Amaia Nafarroako herri txiki bateko neska euskalduna da. Partekatzen duen edukia euskaraz da eta bere egunerokotasuna naturaltasunez partekatzeaz gain, proiektu berriak euskaraz partekatu nahi dituela azaleratu du sareen bidez. Herriko bizitza eta eduki natural zein lasaia partekatzen du, baita paraje eta moda kontuak ere.

8. Andrea Gonzalez – @andrgzv

Bergarako gazte honek euskarazko edukia sareratzen du eta egindako bidaia eta egunak kontatzeko espazioa hartzen du. Gainera, bestelako kide batzuekin sortzen ditu bideoak, hala nola Andoni Etxezarekin. Zenbait telesailen laburpen bideoak ditu, hala nola Go!azen edo El Conquisekoak. Gainera, aurpegia garbitzeko erabilitako produktuen edo erositakoen bideoak ere ditu bere profilean.

9. Iruñe Astiz – @amaiaizaar

Bere burua “Marisaltsera” gisan definitzen du eta euskarazko komunikatzailea da. Hainbat sare sozialetan euskaraz edukia sortzen du eta gainera, hezitzailea da. Erronkak filmatzen ditu, egunean egiten duena sareratzen du edota jatetxe edo taberna ezberdinen izenak adierazten ditu eguneko vlog txikietan. Maiz agertzen da bestelako euskarazko sortzaile batzuekin eta Twitch kanal ezagun bat du.

10. Andoni Etxeza – @_ibilimunduan

Bergarakoa den beste honek bere bidaiak eta eguneko pasarteak filmatu eta igotzen ditu sare sozialetara. Bidaietan egindako planak eta erabakiak euskaraz igotzen ditu. Hainbat bidaia egin ditu Maroko edo Vietnam ingurura, eta guzti horietan filmatutakoak baliatu ditu edukia sortu eta horrelako parajeak erakusteko. Bertako gastronomia ere erakusgai du bideo batean.

 

Burutü AEBn saritua: Summit Marketing Effectiveness Award 2023

Burutü AEBn saritua: Summit Marketing Effectiveness Award 2023

Burutü agentzian Portland-eko (AEB) Summit Marketing Effectiveness Award 2023 saria jaso dugu CGB Fertility Unit-entzat garatu dugun publizitate-kanpaina integralagatik. Kanpainak platinum saria jaso du «Integrated Campaign, Consumer» kategorian.

 Landu genuen komunikazio- eta marketin-estrategiaren bidez, laguntza bidezko ugalketa-klinikaren marka berria merkaturatzeko publizitate-kanpaina integral bat diseinatu eta gauzatu genuen, “CGB Fertility Unit. Zugaz hasieratik” claim-arekin batera.

 Kanpainaren emaitza gisa, marka estatuko eta nazioarteko publikoarengana iritsi zen, lehiakideen aurrean nabarmentzen lagundu zuen ospea lortuz, eta eragin handia izan zuen Bilbon eta inguruetan.

 

Summit Marketing Effectiveness Award sariak estrategia eta eraginkortasuna erabiltzen dituen lan berritzaileagatik saritzen ditu enpresak.

Azken 30 urteotan, Summit Awards erakundea sormen-bikaintasunaren epaile nagusietako bat bihurtu da. Burutü agentziak garatutako sormen-proposamena 19 herrialde baino gehiagoko agentzien proposamenen aurka lehiatuz saritu dute.

Hezkuntza-marketina: WhatsApp-eko tresnak ikastetxeetan

Hezkuntza-marketina: WhatsApp-eko tresnak ikastetxeetan

Hezkuntza-sektorean berehalako komunikazioa funtsezkoa da; hori dela eta, WhatsApp-eko tresna berriak baliagarriak izan daitezke. WhatsApp pertsonen arteko interakzioa sinplifikatzeko aplikazio baliotsua da, eta aplikazioak gehitu dituen tresna berriei esker gurasoen, irakasleen eta ikasleen arteko komunikazioa errazteko aukera berriak sortu dira.

Burutü agentziako lantaldetik ikastetxeetan WhatsApp tresnak optimizatzeko modu ezberdinak eskaintzen dizkizugu.

WHATSAPP KANALAK

WhatsApp-eko kanalek audientzia handiei mezuak zabaltzeko eta jarraitzaileei informazioa bidaltzeko balio dute. Ikastetxe bateko kanal bat sortzea ideia interesgarria izan daiteke, norabide bakarreko komunikazioa eskain baitezakegu. Hau da, ikastetxeak mezuak igorri ditzake baina harpidetuek ezin diete mezuei erantzun.

Ikastetxeak familientzat, ikasleentzat edota langileentzat zuzenduta dauden berriak edo informazioa zabaldu ahal izango du. Komunikazioa norabide bakarrekoa izan arren, mezuak irakurri, erreakzionatu eta partekatu egin daitezke.

Gainera, komunikazio-mekanismo honek pribatutasuna mantentzea ahalbidetzen du, inork ezin baitu kanala jarraitzen duten profilen informazio pertsonala ikusi. Era berean, kanalak ez dira txat pertsonalekin nahasten.

 

Hainbat enpresek, erakundek eta pertsona ezagunek aktibatu dute aukera berri hau dagoeneko. Horien artean Berria egunkaria edo Athletic Club aurkitzen dira, besteak beste.

HEDAPEN-ZERRENDAK

Hedapen-zerrendak informazioa masiboki komunikatzeko eta hainbat pertsonari mezuak aldi berean bidaltzeko tresna baliotsuak dira. Ikastetxeetan komunikazio eraginkorragoa lortzeko baliagarria izan daiteke.

Tresna honen bidez, kontaktuak kategoria espezifikoetan bana daitezke, hala nola, irakasleak, ikasleak eta familiak. Mezuak taldearentzat garrantzitsuak izatea eta nahasketak sortzea saihesten du, informazioa pertsona zuzenengana iritsiko dela bermatuz.

Ikastetxeak hedapen-zerrenda zehatz bat sor dezake, adibidez, iragarki garrantzitsuetarako, pertsonek informazioa azkar eta eraginkortasunez jaso dezaten. Funtsezkoa da ikastetxetik informazioa bidaltzeko baimena izatea.

KOMUNITATEAK

Beste tresna aipagarrietako bat komunitateen funtzioa da. Aukera honek komunikazio eta lankidetza errazten ditu, talde ezberdinak komunitate batean bilduz.

Komunitateen tresnak aukera ematen die ikastetxeei taldeak gaika antolatzeko, hala nola, eskolako ekitaldietan edo iragarki garrantzitsuetan. Mezu garrantzitsuak nabarmentzeko, iragarki nabarmenen funtzioa ere badu, eta horrek informazioa elkarrizketetan ez galtzea bermatzen du. Gainera, aukera ematen du bigarren mailako taldeak sortzeko komunitatearen barruan, gai espezifikoak xehetasunez eztabaidatzeko.

WhatsApp-eko hiru tresna berri hauek oso erabilgarriak izan daitezke ikastetxeetako komunikazioa hobetzeko, komunikazioa antolatuz, optimizatuz eta erraztuz. Zalantzarik gabe, hezkuntza-marketinean emaitzak optimizatzeko gertutik jarraitu beharreko aukerak dira hauek.

Argazkia: Business Insider España

 

 

 

 

Selección Letra 2022 Saria direktorio-sistema onenaren kategorian

Selección Letra 2022 Saria direktorio-sistema onenaren kategorian

Letra Sariek diseinatzaile grafikoen eta marketineko profesionalen talentua eta sormena saritzen dituzte. Urtero, sariek hainbat kategoriatan nabarmentzen diren lanei errekonozimendua ematen diete, hala nola, logotipoen diseinua, brandinga, publizitatea eta web-diseinua. 2022ko edizioan, Selección Letra Saria Burutüko lantaldearentzat izan da, San Nikolas Ikastola-rentzat egindako lanagatik.

Lana San Nikolas Ikastolarako direktorio-sistema bat sortzea izan zen, hurbilekoa, intuitiboa eta erraz ezagutzeko modukoa izango zen sistema diseinatzearen helburuarekin. Aldi berean, eskolaren nortasun korporatiboa islatuko zuena. Hori lortzeko, eskolaren kolore korporatiboak eta forma geometrikoak erabili ziren, egitura sinple eta eraginkorrarekin. Emaitza praktikoa izateaz gain, estetikoki erakargarria ere bada, eta ikastolaren nortasuna eta balioak islatzen ditu.

Letra Sarien epaimahaiak Burutük San Nikolas Ikastolarentzat egindako lanaren kalitatea nabarmendu zuen, bereziki diseinuak eskolaren nortasun korporatiboa islatzeko duen gaitasunagatik. Direktorioen sistemak erakusten du diseinu grafikoak eta publizitateak eragin positiboa izan dezaketela pertsonak beren ingurunean bertan sentitzen diren moduan.

Astelehenetako kafea

Astelehenetako kafea

Jarraitu Burutü agentziarekin komunikazioaren gaurkotasuna

Burutükideok astelehenero kafe batek irauten duen besteko solasalditxoak egiten ditugu.

Markagintza, publizitate-kanpainak, marketin digitala…. Hainbat eta hainbat izaten dira jarduten ditugun gaiak #AstelehenetakoKafea-n.

Komunikazio eta publizitatean diharduten profesionalentzat oso garrantzitsua izaten da arlo hauetako joera eta tendentzien inguruan eguneratuta egotea.

(gehiago…)