Adimen artifiziala marketin digitalean

Adimen artifiziala marketin digitalean

Adimen artifizialak egunero harritzen gaitu, arlo digitaleko hobekuntza eta aurrerapenekin. Honek, enpresa, erakunde eta autonomoei beraien bezeroak hobeto ezagutzeko ahalmena ematen die eta ondorioz, erabaki estrategikoak hartzeko aukera.

Marketin digitalean adimen artifizialak eskaintzen dizkigun tresnak

Chatbot-ak

Ikaskuntza automatikoarekin eta lengoaia naturalaren prozesamenduarekin, adimen artifizialaren teknologia duten chatbot-ek bezeroen eskaeren atzean dagoen asmoa eta bezero bakoitzaren elkarrizketen historia osoa uler dezakete, eta horien galderei modu naturalean eta gizatiarrean erantzuteko gaitasuna dute.

Rankbrain

Google-ek bere bilaketa-motorra ez du nahi hitz solteetan soilik zentratzea; izan ere, kasu askotan, hitza edo esamoldea ondo idatzita ez badago, baliteke bilaketak makina batek ez ulertzea. RankBrain-ek hitzak bertore bihurtzen ditu, horrela, hitzek akats ortografikoak izan arren, Google-ek hauen esanahia ulertzeko ahalmena dauka.

Ahots bidezko bilaketa

Teknologia hau ahozko lengoaia ezagutzean datza. Horri esker, erabiltzaileek ahots bidez bilaketak egin ditzakete, termino horiek bilaketa-kutxa batean idatzi beharrik izan gabe, eta zenbait aplikazioren funtzioak ukimen-moduan aktibatu beharrik gabe.

 

Hala ere, adimen artifiziala eremu digitalean marketin digitaletik baino haratago doa. Jarraian aurkezten dizuegu, adimen artifizialaz baliaturiko programa bitxi eta interesgarri bat.

Ezagutzen al duzue ChatGPT programa?

ChatGPT OpenAIk garatutako lengoaia-eredua da. Transformer lengoaiaren eredua erabiltzen du, testu-sekuentziak prozesatzeko diseinatutako ikaskuntza sakoneko arkitektura. ChatGPT Interneteko testu kopuru handiekin entrenatu den programa da, eta horrek gai ugaritan testua ulertzea eta sortzea ahalbidetzen dio. Testua modu autonomoan sortzeko gaitasuna du, bere entrenamenduan ikasitako patroietan eta joeretan oinarrituta. Gainera, ChatGPT hainbat hizkuntzatan dago eskuragarri, eta, horri esker, herrialde eta kultura desberdinetako pertsonekin elkarreragin dezake.

Laburbilduz, ChatGPT lengoaia aurreratuko eredu bat da, testuingurua ulertzeko gaitasuna eta testua abiadura eta eraginkortasun handiarekin sortzeko gaitasuna konbinatzen dituena, eta horrek tresna baliotsua bihurtzen du askotariko aplikazioetarako, chatbot-a eta laguntza birtuala barne.

Zure markaren gif propioak izatearen garrantzia

Zure markaren gif propioak izatearen garrantzia

GIFa behin eta berriz errepikatzen diren elkarren segidako irudien sekuentzia batek osatzen du, soinurik gabeko animazio bat sortuz. Ohiko irudiak baino dinamikoagoak izaten dira, eta normalean klip edo bideoetatik ateratzen dira. GIFak, hauen sorreratik, eraldaketa nabaria jasan dute, adierazpide, hezkuntza-kanal eta, jakina, komunikazio- eta marketin-tresna bihurtu arte.

Baina, zergatik da gomendagarria norbere markaren GIFak erabiltzea?

Formatu honen erabilerak hainbat eta hainbat abantaila ekar diezazkioke edozein markari:

  1. Komunikazioa dinamizatzea. GIFek baliabide estatikoak mugitzea ahalbidetzen dute, eta horrek modernitatea ematen dio komunikatutakoari.
  2. Branded Content-a sustatu. GIFek markari ospea eta nabaritasuna lortzen laguntzen diote; ez soilik produktua edo zerbitzua saltzen.
  3. Edukien estrategia aberastea eta biraltasuna areagotzea. Markek beraien GIF propioak (korporatiboak) sortzen dituzte eta Giphy plataformaren bitartez, GIF horien partekatzea eta biralizazioa sustatzen dute, markaren irudia indartzeko helburuarekin.
  4. Erreprodukzio automatikoa. Honek, lehenengo momentutik, erabiltzailearen arreta bereganatzea ahalbidetzen du.
  5. GIFen pisua bideoena baino nabarmen txikiagoa da. Askotan, webgune edota sare sozialetan bideoren bat argitaratu nahi dugunean, honen pisua eragozpen bat bihurtzen da. GIFen erabilerarekin eragozpen hau murriztuko dugu.

Argi dago, GIFak joeran daudela eta ezin garela olatu hau harrapatu gabe geratu. Burutü agentzian gure GIF propioak diseinatu ditugu, markari pertsonalitatea eta originaltasuna emanez.

Berehalakotasunaren garaia heldu da: Be Real eta Tik Tok Now

Berehalakotasunaren garaia heldu da: Be Real eta Tik Tok Now

Udatik hona Be Real sare soziala bogan jarri da eta indar dezente hartu du Z belaunaldiaren artean.  Sare sozial hau 2020an sortu zen, baina oharkabean igaro da uda honetara arte. Pixkanaka-pixkanaka jende gehiago hasi da sare sozial honetan erregistratzen eta, hau ikusita, TikTok plataforma ez da atzean geratu nahi izan. Sare sozial berri bat abiarazi du, Be Realen oso antzekoa: TikTok Now.

Azken aldian, aurpegiko filtroen erabilera masifikatu egin da. Bizitzaren alderdi ona soilik erakusten dugu, bizi dugun benetako errealitatea albo batera utziz. Horregatik, bi sare berri hauen helburua inolako ukiturik gabe pertsona bakoitzaren egunerokotasuna erakustea da. Hau da, editatu gabeko argazkiak igotzera gonbidatzen gaitu. Beraz, anti postureoko sare soziala dela esan dezakegu.

 

Nola lortzen dute hori?

Oso erraz. Egunean behin bakarrik igo daiteke argitalpena, eta mugikorrak jakinarazpena bidaltzen dizu noiz igo behar duzun abisatzeko. Egunaren arabera ordua aldatzen joaten da.

Abisua heldu eta denbora mugatuan, aurrean duzunari argazkia atera beharko diozu, eta baita selfie erako argazki bat ere. Honen gakoa, aplikazioak jakinarazpena bidaltzen dizun unean argazkia ateratzean datza, ahalik eta “errealena” izateko.

Nahi duzunean igo dezakezu argitalpena, baina jokoaren xarma ahalik eta azkarren igotzea da. Argitalpen guztiak hurrengo jakinarazpena heltzen denean ezabatu egiten dira; hau da, 24 ordu irauten duten argazkiak dira.

Bakoitzak bere edukiekiko kontrol osoa dauka, kontua pribatu jarriz gero onartutako lagunek soilik ikusiko ahal izango dituzte zure argazkiak. Kontuan izan behar da, besteen argazkiak ikusi ahal izateko aldez aurretik bakoitzarena igo behar dela.

 

Zein da Be Real eta TikTok Now-ren arteko desberdintasuna?

Sare sozial bien arteko berdintasunak oso nabariak dira, hala ere, desberdintasun txiki batzuk ere badituzte. Be Real plataformak, momentuz, argazkiak partekatzen bakarrik uzten du, bi minutuko epea emanez. Aldiz, TikTok Now sareak argazkiak eta 10 segundu arteko bideoak partekatzen ere uzten ditu. Eta epeari dagokionez, kasu honetan 3 minutuko tartea ematen dizu.

 

Burutü agentzian beti gustatzen zaigu pil-pilean eta modan dauden joeren berri izatea, bezero bakoitzaren beharretara eta helburuetara egokitutako komunikazio-estrategiak garatzeko.

Podcastak euskaraz

Podcastak euskaraz

Azkenaldian podcasten arrakastak gora egin du eta horrek euskal komunitatean ere bere eragina izan du. Izan ere, geroz eta gehiago dira kanal berri honetara aldatu eta edukia bertan sortzen ari direnak. Marka eta komunikazioa lantzeko tresna bikaina dira podcastak. Eduki honen sorreraren igoera aintzat hartuta, zenbait podcast plataforma sortu dira Horien artean ZuZeu podcast (Podcast.eus-en entzungai) edo EITB podcast, beste askoren artean. Baina, zeintzuk dira gaur egun bogan dauden euskal podcastak?

 

Hamar euskarazko podcast

1. BENETAN ZABIZ?

“Gaien aldetik mugarik ez dago eta istorio pertsonaletik abiatuta.”

Aitziber Gradosen eta Malen Altunaren eskutik, “Benetan zabiz?” podcasta. Ez dira gai zehatz batera mugatzen, izan ere, istorio pertsonaletatik abiatuta, gonbidatuen sekretu ilunak plazaratzea dute helburu eta sare sozialetan azken aldian pisua bereganatu dute. Askotariko gonbidatuak dituzte eta haien bizipenetan oinarritutako istorio dibertigarriak azaltzen dituzte saio bakoitzean. Hauen artean Mikel Lizarralde, Aitziber Garmendia, Aissa Intxausti, Olatz Salvador edo Jokin Altuna.

 

2. GAZTEAK EUSKARAZ

“Gazteen komunikazio-gaitasunaren garapenean lagungarri izatea da material honen helburua.”

Labayru Fundazioak ekoiztutako podcasta da “Gazteak euskaraz”. Gazteen komunikazio-gaitasuna eta euskararen erabilpena sustatzea du helburu. Horretarako, eremu ezberdinetan izan beharreko gaitasunak lantzen dira.

 

3. BARRUAN GAUDE

“Astero pertsonaia baten etxera sartuko ditugu mikrofonoak.”

Oier Aranzabalek aurkezten du “Barruan gaude” podcasta. Elkarrizketak dira podcasten honen ardatz nagusia. Astero pertsona bat gonbidatzen du Oierrek, bere etxera sartu eta berarekin solasean jarduteko. Intimitateetatik bizipenetara egiten du jauzi podcastak. Blanca Urgell, Aitziber Garmendia, Antton Telleria edota June Fernandez izan ditu gonbidatu gisa.

 

4. EZ HAIN ONDO

“Zer moduz zaude? Ez hain ondo

Zer moduz galderari erantzuteko “Ondo” baliatzen dugunean atzetik kezkatzen gaituzten kontuen segida gorde ohi dugu. Erantzun luzeagoak behar dituen galdera horri buruzko saioak dakartza podcast honek Irati Perez psikologoaren ahotsetik. Ane Zuazubiskar kazetariaren galderetatik abiatuta sortzen ditu hausnarketak.

 

5. YOKO ONA

“Musikak egin dizkien ekarpenak eta bizi izandako egoera eta pasadizoak, modu atseginean aztertuz.”

Olatz Salvadorrek eta Lore Nekane Billelabeitiak, Ainhoa Vitoriarekin batera, euren musika ibilbide profesionalean bizitako anekdotak izaten dituzte aztergai “Yoko ona” bideopodcastean. Laugarren denboraldia gauzatu dute azken hilabeteotan eta arrakasta handiko edukia da. Gonbidatuen bizipenek eta hausnarketa pertsonalek xarma berezia eskaintzen diote podcastari.

 

6. KIROLARI GAITTUN

“Emakumezko kirolariak ardatz dituen podcast saioa.”

Emakume kirolariak dira “Kirolari gaittun” podcastaren protagonistak. Ane Urkirik eta Maddi Garmendiak gidatzen dute saio hau, eta emakumeen kirol arloa eta bestelako gorabeherak izaten dituzte aztergai.

 

7. (MIN)BIZI

Inurri Elkartearen podcsta da “(Min)bizi”. Olatz Mercaderrek gidatzen du eta bularreko minbizia izan duten emakumeen bizipenak biltzen ditu. Gonbdiatu ezberdinekin sortzen dute saio bakoitza eta gai ezbzerdinak jorratzen dituzte gaixotasunaren barruan.

 

8. NEW YORKEKO MUNDUAK

“Orain berriz hasiko naiz zeregin berarekin, zuek kutxak zabaldu besterik ez duzue egin behar.”

Kirmen Uribek “New Yorkeko munduak” podcastean Euskaldunon egunkarian eta Berrian aritu zeneko zutabeak memoria-kutxa txikien gisakoak zirela dio. Horiek berriro irekitzen hasi eta horien inguruan hausnartzeko podcasta aurkezten du.

 

9. ZAITUN

“Historiaren testigu mutuak direla pentsatuko dute askok, baina haien fruituek, olibek, hizkuntza unibertsala hitz egiten dute.”

Ane Irazabal arrasatearrak aurkezten du “Zaitun” podcasta, non Mediterraneoko txoko desberdinetako kontuak hurbiltzen dizkion entzuleari: Italiako nondik-norako politikoak edo errefuxiatuak, esate baterako.

 

10. BTN

Berezkoa Ta Naturala.”

ARGIAko podcast honek Aner Peritz, Leire Vargas, Oihana Arana eta Haizea Arana ditu aurkezle lanetan. Bertso Txapelketaren inguruko epai irizpideez aritzeaz gain, umorearen erabileraz, bertsolarien estilismoaz eta bestelako gaiak dituzte mintzagai bertsolaritzaren inguruan. Horrez gain, bigarren denboraldiari hasiera eman diote aurkezle bat gutxiago izanik eta Euskal kultur esferako pertsonak gonbidatuta, aktualitate kutsudun solas eta jolasak sortuz.

 

Argi geratu da, beraz, podcastak komunikaziorako tresna garrantzitsua bilakatu direla azken urteotan eta hauen ekoizpenak gora jo duela ezinbestean. Askotan, podcastak filmatzera batzen diren pertsonen artean sare sozialetan euskarazko edukia partekatzen dutenak daude.

 

 

Nazioarteko saria jaso dugu: Summit Awards 2022

Nazioarteko saria jaso dugu: Summit Awards 2022

Nazioarteko sariak Burutü Euskal Herriko agentzia sarituenean kokatzen du

Burutü agentzian “Nik hitzematen dut. Y tú, ¿te comprometes?” kanpaina sortu genuen Uraren Euskal Agentziarentzat. Kanpainak “Not for profit” kategoriko brontze saria jaso du, Summit Awards-ek Portland-en (USA) antolatutako sarietan.

Uraren Euskal Agentziarentzat egindako sentsibilizazio kanpaina da, non ingurumena kontserbatzearen garrantzia transmititzen duen, urari eta hari ematen dizkiogun erabileretan arreta jarriz.

Azken 28 urteetan, Summit Awards erakundea sormen bikaintasunaren epaile nagusietako bat izan da, eta harro gaude arlo horretan aintzatetsiak izateaz.

Burutük euskaraz eta gaztelaniaz garatutako sormen-proposamena 19 herrialde baino gehiagoko agentzien proposamenen aurka lehiatuz saritu dute: Australia, Austria, Kanada, Danimarka, Alemania, Hong Kong, India, Jamaika, Koreako Errepublika, Mexiko, Pakistan, Puerto Rico, Hegoafrika, Espainia, Taiwan, Turkia, Arabiar Emirerri Batuak, Erresuma Batua eta Estatu Batuak.

 

Eskerrik asko guztioi!