Zer da Clubhouse?

Zer da Clubhouse?

Clubhouse, gaur egun ditugun sare sozial guztietatik aldentzen den sarea da. Egungo gizartean era askotako milaka sare sozial aurkitu ditzakegun arren, Paul Davidson eta Rohan Seth ekintzaileek harritu egin gaituzte eta sare berritzailea eta ezberdina sortu dute.

Sare berri hau, 2020. urteko maiatzean atera zuten eta jada 3 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu mundu osoan zehar. Bere sortzaileek sare ezberdin bat ateratzeko helburua zuten eta audioetan oinarritutako sare sozialik ez zegoela ohartu zirenean, Clubhouse sortzeko ideia izan zuten.

Bogan dagoen sare sozial honen funtzionamendua eta berezitasunak bildu ditugu post honetan, gure gizartean laster barneraturik egongo den sarea izango baita eta markentzat komunikazio kanal bat izan daitekeelako.

Zer da ClubHouse?

Clubhouse audioak soilik partekatzen oinarritzen den sare soziala da; izan ere, bertan ez ditugu ez irudirik ezta bideorik aurkituko. Sarean zehar gela edo espazio birtualak daude, zeinetan gai ezberdinen inguruan hitz egiten edo eztabaidatzen den. Hau da, mahai-inguru birtualak direla esan dezakegu.

Erabiltzaileek gelak sortu edo jada sortuta dauden geletan hartu dezakete parte. Gela bakoitzak beraz, moderatzaile rola hartzen duen erabiltzaile bat dauka, gela sortu duena, eta bisitatzen duten entzule guztiak.

Orokorrean, parte hartzaile guztien artean gutxi batzuk daukate askatasunez hitz egiteko aukera, protagonistak izango direnak. Hala ere, gainerako entzuleek zerbait aipatu edo partekatu nahi izatekotan, baimena eskatu dezakete eta elkarrizketan sartu daitezke.

Sare sozialaren berezitasunak

Clubhouse aplikazioaren berezitasun nagusiena soilik audioak partekatzeko erabili daitekeela da. Irratiko edo podcast bateko elkarrizketa bat entzutea bezalako esperientzia izan daiteke, baina kontuan hartuta, baimena eskatuz gero, zuzenean eztabaidaren parte izan zaitezkeela.

Gela birtual bakoitzean sortzen diren eztabaidak edo elkarrizketak ez dira gordeta geratzen. Hau da, behin saioa bukatzen denean, bertan esandako guztia galtzen da. Ez dago aukerarik saioak grabatzeko edo deskargatzeko, ezta transkribatzeko ere. Clubhouse sarearen edukia, hortaz, iragankorra da.

Sare honetan zenbait famatu eta enpresa handien sortzaileak hasi dira aktiboki parte hartzen. Hori dela eta, erabiltzaileei pertsona famatuekin hitz egiteko eta ideiak partekatzeko aukera eskaintzen die aplikazio honek.

Momentuz, IOS sistema operatiboa dutenek bakarrik izan daitezke sare sozial honen parte. Hala ere, sortzaileek esan dutenaren arabera, Android sistemarako bertsioa prestatzen hasi dira jada.

Clubhouse dagoeneko Android sistema operatiboan

Maiatzaren 21era arte, IOS sistema operatiboa zutenek baino ezin zuten erabili aplikazio hau. Orain, Android-erako BETA bertsio bat plazaratu dute Clubhouse-ko sortzaileek.

Gainera, oraingoz, sare berri honetan profila sortzeko ezin daiteke aplikazioa deskargatu eta izena eman. Jada erregistratuta dagoen erabiltzaile baten gonbidapen zuzena beharrezkoa izango da.

Hala ere, sare sozial honen potentziala handia da. Hurrengo urteetan gure bizitzaren parte izango dela aurreikusten da, eta beraz, enpresaren komunikazio aldetik, kontsideratu behar den sarea bilakatuko da. Izan ere, Clubhouse sarearen bitartez, gure publiko potentzialentzat interesgarria den edukia partekatzeko aukera izango dugu, baita haiekin komunikatzeko bide berria eta zuzena ere.

Twitch plataforma eta euskal Twitchlariak

Twitch plataforma eta euskal Twitchlariak

Zer da Twitch plataforma?

Twitch plataforma eta euskal twitchlariak ezagutzen dituzu? Twitch, transmisioak egitea ahalbidetzen duen sare soziala da. Dena den, ez da orain sorturikoa, 2011an sortu zen Youtuberekin lehiatzeko, baina ez zuen arrakasta izan 2014ra arte, hain justu, Amazonek erosi zuen arte. Hasieran, bideo-jokoak zuzenean emititzeko sortutako plataforma zen, baina, gaur egun, aldiz, denetarik aurkitu dezakegu bertan.

Gainera aipatzekoa da, mundu osoko gazteen artean gero eta garrantzitsuagoa dela aplikazio hau. Ikusteko zelako dimentsioa duen, hona hemen datu aipagarri bat: 2020ko Urtezahar gauean, mundu osoko milioi erdi lagunek plataformara konektatu eta Ibai Llanosekin, 25 urteko Bilboko gazte batekin, urte berriari ongi etorria eman zioten.

Euskaldunen artean ere garrantzia hartzen ari den sare soziala da. Horregatik, plataformari euskara hizkuntza ofiziala gisa onartzeko eskaera egiteko, azaroan, Game Erauntsia, Nebukaixo eta Arkkuso-k, #3000Twitch ekimena martxan jarri zuten. Ekimenaren helburua 3.000 boto lortzea zen, eta dagoeneko 4.339 boto ditu.

Hala ere, Twitch kanalak oraindik ez du euskara hizkuntz ofizial moduan onartu, baina, honek ez ditu Euskal Twitchlariak eteten. Badaude euskarazko edukiak egiten dituzten Euskal Twitch-lari batzuk.

Twitch plataforma eta euskal twitchlariak

  1. Nebukaixo: www.twitch.tv/nebukaixo

Nebukaixo-ren atzean, Ainhoa Azkue dago eta euskarazko zuzenekoak egiten ditu.

  1. Pubguitar: www.twitch.tv/pubguitar

Youtuben Gitarra tutorialak euskaraz egiten ditu eta Twitchen beraren inprobisazio eta musikaren gogoetak aurkitu dezakegu.

  1. ARKKUSO: www.twitch.tv/arkkuso

Iruñe Astitz Larunbe, baina sarean @arkkuso bezala ezaguna. Bere Twitch kontuan bideoetara erreakzionatzen, hitz egiten, fall guysera jolasten edota Baserria komentatzen ikusi dezakegu.

  1. Landeths: www.twitch.tv/landeths

Aritz Landeta, streamerra eta  euskaraz  bideo-jokoetan  aritzen da. Twichen Resident Evilera jolasten ikusi dezakegu eta baita edozertaz hitz egiten afaltzen dagoen bitartean.

  1. Sutan Bang: www.twitch.tv/sutanbang

Euskarazko eduki alternatibo eta anitzak kontsumitzeko sortutako kolektiboa da.  Horrela aurkezten dute haien burua: “Eduki digitalak euskaraz sortzeko elkartu garen friki kuadrilla bat gara”

  1. Suspekain_: www.twitch.tv/suspekain_

Streamerra eta euskaraz bideo-jokoetan aritzen da. Hala ere, bideo-jokoez aparte, beste eduki motak ere zuzenean transmititzen ditu.

  1. Ekintaekin: www.twitch.tv/ekintaekin

Eneko Oroz-en kanalean, bideo-jokoetara jolasten ikusi dezakegu. Normalean joko lasaietara jolasten du eta mahai jokoen bertsio digitalak atsegin ditu.

  1. Zitalko: www.twitch.tv/zitalko/

Euskal streamerra eta bideo-jokoetara jolasten du, batez ere Amnesia eta Metro 2033 bideo-jokoetara.

Burutü agentziaren lantaldeko kideok Twitch sarea aztertzen egon gara, eta a ze nolako gauzak aurkitu ditugun! Baina, guretzat pozgarriena euskarazko edukiak kontsumitzeko aukera egotea da. Pixkanaka-pixkanaka, euskara mundu osora zabaltzen gabiltza eta hori ospatzekoa da. Beraz, Euskal Twitch-lariak, eskerrik asko zuen ekarpenagatik eta segitu dezagun euskara bultzatzen. Eta zu, animatzen zara Twitch-en sartzen?

Urtebete telelanean

Urtebete telelanean

Burutü lantaldean urtebete baino gehiago daramagu telelanean. 2020ko martxoaren 13an, Covid-19 birusaren pandemia gure bizitzaren parte izatera pasatu zenean, garrantzitsuena laneko segurtasuna eta osasuna zirela erabaki genuen, eta beraz, etxetik lan egitearen alde egin genuen.

Ordutik, gure proiektuak eraginkortasunez gauzatzeko aukera ematen digun online lan prozesua garatu dugu.

Publizitatearen eta komunikazioaren sektoreko profesionalak gara, eta gure egunerokotasunean tresna teknologiko ugari kudeatzen ohituta gaude. Honek guztiak online lan prozesuan zehar etengabeko ikasketa eta hobekuntza erraztu du.

Urte bitxia eta konplexua izan da mundu guztiarentzat, baina harrotasunez esan dezakegu 12 hilabete baino gehiagoko lana egitea lortu dugula, zeinetan talde osoak bikain ikasi dituen lan egiteko jarraibideak burutü aurrera jarrai dezan.

Zeintzuk izan dira telelanaren gakoak burutü agentzian?

1. Antolaketa, antolaketa eta antolaketa.

Egunero bilera labur bat egiten dugu goizeko lehen orduan, eguneko eginkizunak zehazteko. Horretarako, kanban metodologia erabiltzen dugu, zeinarekin taldeko pertsona bakoitzak bere zereginak azaltzen dituen eta eraginkortasunez zehazten diren.

2. Talde lana, lankidetza eta laguntza.

Talde bat gara.  Izan ere, telelanaren gakoetako bat hau izan da. Nahiz eta distantzian egon eta pantailaren bitartez soilik ikusten garen, gertutasuna erakusten eta lankidea laguntzen saiatzen gara egunero.

3. Emaitzetarako orientazioa.

Inplikazio maila handiarekin eta emaitzarik onenak bilatzen kudeatzen ditugu bezero bakoitzaren proiektuak. Marketing digitala, markagintza, komunikazio estrategikoko aholkularitza, publizitate kanpainetako edo bestelako edozein proiektuetarako helburu zehatzak finkatzen ditugu, emaitzarik onenak lortzeko asmoarekin.  Ezaugarri hau jada burutü taldean barneraturik zegoen eta telelanarekin areagotu da.

4. Denboraren kudeaketa.

Garatzen ditugun proiektu eta zerbitzu guztiak neurtzeko denbora kudeatzen laguntzen digun softwarea erabiltzen dugu. Proiektuak kontrolatzeko metodo bat da, lan bakoitzean lantaldeak dedikatzen dituen orduak ezagutzea eta kuantifikatzea helburu duena. Horrela, zehaztutako helburuen arabera ahalegin kolektiboa doitzea eta zereginak banatzea lortzen dugu.

5. Jarrera positiboa.

Zalantzarik gabe, burutü taldearen egokitzapen eta etengabeko hobekuntzarako faktore nagusienetako bat proiektu bakoitzean espiritu positiboa eta hobetzeko gogoa transmititzea izan da. Gure lanbidea pasioz, ilusioz eta ausardiaz bizitzen dugu. Talde lanari eta ikuspegi kolektibo pragmatiko eta eraikitzaileari esker, egunero etxetik lan egitera ohitu gara, guztion lana erraztuz. Honako hau bezero, hornitzaile eta burutü agentziarekin harremana duten pertsona guztiei helarazten saiatzen garelarik etengabe.

 

Laburbilduz, telelanean urtebete baino gehiago egitea harrotasunez erakusteko gertaera dela iruditzen zaigu. 2020ko martxotik 2021eko martxora, hazi eta bezero zein proiektu zorroa zabaltzea lortu dugu, eta egunez egun hobetzen jarraitzen dugu zerbitzu osoagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko.

Eskerrik asko gugan sinistu duzuen guztioi. Dabilen harriari, goroldiorik ez.

 

Gure nortasun grafiko berria aurkezten dizuegu – burutü

Gure nortasun grafiko berria aurkezten dizuegu – burutü

Gure nortasun grafiko berria garatzen aritu gara hilabete hauetan zehar. Branding hausnarketa baten bitartez, bezero eta hornitzaileekin hitz egin eta azken bederatzi urteetan izan dugun ibilbidea eta bilakaera aztertu ondoren, gure markaren restyling prozesua hobetzeko eta bultzatzeko unea iritsi dela uste dugu.

Hobekuntza etengabean oinarritutako erabaki kontzientea da, gure proiektua sendotuta eta hazkuntza fasean aurkitzen den mundu mailako aldaketa une honetan. Lan gogor eta ahalegin amaigabearekin konfiantzazko publizitate agentzia ezaguna izatea lortu dugu, eta urte hauetan guztietan egindako lanaz oso harro gaude.

Gaur egun Euskal Herriko publizitate agentzia sarituenetako bat garela esan dezakegu, nazioartean aintzatespenak dituena. Gazteak diren eta egunez egun ikasten jarraitzeko gogoa duten profesional independenteen taldea.

Aurreko nortasun grafikoa gustatu egiten zitzaigula ezin dugu ezeztu, gure markaren balioak eta ezaugarriak ondo islatzen baitzituen, beste askoren artean: publizitatearekiko eta komunikazioarekiko grina, profesionaltasuna eta egiten jakitea, freskotasuna eta originaltasuna, apaltasuna eta tratuan gertutasuna. Baina identitate grafiko moderno eta funtzional berri baten alde egitea erabaki dugu, ondorengo baldintzak betetzen dituena:

Nortasun grafiko dinamikoa: etengabe eboluzionatzen ari den sektore baten aldaketei eta beharrei azkar erantzuteko prestatua.

Nortasun grafiko malgua: metamorfosirako eta hobekuntzarako gaitasuna eta marka unibertso propioa, bakarra eta originala barneratzen dituena.

Nortasun grafiko autentikoa: audientziarekin, zuekin, konektatzeko pentsatuta. Diskurtso zintzo eta gardena transmititzen duena, burutüren esentzia guztiarekin.

 

Horrela, burutüren branding aholkularitzako eta sormen saileko taldean, kanal anitzeko unibertso digitalerako pentsatutako nortasun grafiko berria sortzea erabaki dugu, gure agentziaren izaera arnasten duena.

Identitate grafiko berriak aurrekoaren elementuak mantentzen ditu, paleta kromatikoa adibidez, eta tipografia sendoagoa eta gure jarrera-sinboloan oinarritutako bilbe geometrikoarekin konbinatzen ditu: burutüren irribarrea.

Azkenik, euskararen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu agentziaren komunikazio korporatiborako hizkuntza nagusi gisa, eta izenari berari (burutü) beste lau aditz gehitzen dizkiogu, gure markaren esentzia eta proiektu bakoitzari aurre egiteko modua deskribatzen dituztenak:

asmatu
garatu
gozatu
sentitu
burutu

Laburbilduz, gure hastapenetako izaerari eusten diogu, baina gure nortasun grafiko berriak gaur egun zer garen modu modernoago eta berrituago batean adierazten du.

Eskerrik asko gure komunitatean parte izateagatik. Aurrera!