Azkenaldian podcasten arrakastak gora egin du eta horrek euskal komunitatean ere bere eragina izan du. Izan ere, geroz eta gehiago dira kanal berri honetara aldatu eta edukia bertan sortzen ari direnak. Marka eta komunikazioa lantzeko tresna bikaina dira podcastak. Eduki honen sorreraren igoera aintzat hartuta, zenbait podcast plataforma sortu dira Horien artean ZuZeu podcast (Podcast.eus-en entzungai) edo EITB podcast, beste askoren artean. Baina, zeintzuk dira gaur egun bogan dauden euskal podcastak?
Hamar euskarazko podcast
1. BENETAN ZABIZ?
“Gaien aldetik mugarik ez dago eta istorio pertsonaletik abiatuta.”
Aitziber Gradosen eta Malen Altunaren eskutik, “Benetan zabiz?” podcasta. Ez dira gai zehatz batera mugatzen, izan ere, istorio pertsonaletatik abiatuta, gonbidatuen sekretu ilunak plazaratzea dute helburu eta sare sozialetan azken aldian pisua bereganatu dute. Askotariko gonbidatuak dituzte eta haien bizipenetan oinarritutako istorio dibertigarriak azaltzen dituzte saio bakoitzean. Hauen artean Mikel Lizarralde, Aitziber Garmendia, Aissa Intxausti, Olatz Salvador edo Jokin Altuna.
2. GAZTEAK EUSKARAZ
“Gazteen komunikazio-gaitasunaren garapenean lagungarri izatea da material honen helburua.”
Labayru Fundazioak ekoiztutako podcasta da “Gazteak euskaraz”. Gazteen komunikazio-gaitasuna eta euskararen erabilpena sustatzea du helburu. Horretarako, eremu ezberdinetan izan beharreko gaitasunak lantzen dira.
3. BARRUAN GAUDE
“Astero pertsonaia baten etxera sartuko ditugu mikrofonoak.”
Oier Aranzabalek aurkezten du “Barruan gaude” podcasta. Elkarrizketak dira podcasten honen ardatz nagusia. Astero pertsona bat gonbidatzen du Oierrek, bere etxera sartu eta berarekin solasean jarduteko. Intimitateetatik bizipenetara egiten du jauzi podcastak. Blanca Urgell, Aitziber Garmendia, Antton Telleria edota June Fernandez izan ditu gonbidatu gisa.
4. EZ HAIN ONDO
“Zer moduz zaude? Ez hain ondo”
Zer moduz galderari erantzuteko “Ondo” baliatzen dugunean atzetik kezkatzen gaituzten kontuen segida gorde ohi dugu. Erantzun luzeagoak behar dituen galdera horri buruzko saioak dakartza podcast honek Irati Perez psikologoaren ahotsetik. Ane Zuazubiskar kazetariaren galderetatik abiatuta sortzen ditu hausnarketak.
5. YOKO ONA
“Musikak egin dizkien ekarpenak eta bizi izandako egoera eta pasadizoak, modu atseginean aztertuz.”
Olatz Salvadorrek eta Lore Nekane Billelabeitiak, Ainhoa Vitoriarekin batera, euren musika ibilbide profesionalean bizitako anekdotak izaten dituzte aztergai “Yoko ona” bideopodcastean. Laugarren denboraldia gauzatu dute azken hilabeteotan eta arrakasta handiko edukia da. Gonbidatuen bizipenek eta hausnarketa pertsonalek xarma berezia eskaintzen diote podcastari.
6. KIROLARI GAITTUN
“Emakumezko kirolariak ardatz dituen podcast saioa.”
Emakume kirolariak dira “Kirolari gaittun” podcastaren protagonistak. Ane Urkirik eta Maddi Garmendiak gidatzen dute saio hau, eta emakumeen kirol arloa eta bestelako gorabeherak izaten dituzte aztergai.
7. (MIN)BIZI
Inurri Elkartearen podcsta da “(Min)bizi”. Olatz Mercaderrek gidatzen du eta bularreko minbizia izan duten emakumeen bizipenak biltzen ditu. Gonbdiatu ezberdinekin sortzen dute saio bakoitza eta gai ezbzerdinak jorratzen dituzte gaixotasunaren barruan.
8. NEW YORKEKO MUNDUAK
“Orain berriz hasiko naiz zeregin berarekin, zuek kutxak zabaldu besterik ez duzue egin behar.”
Kirmen Uribek “New Yorkeko munduak” podcastean Euskaldunon egunkarian eta Berrian aritu zeneko zutabeak memoria-kutxa txikien gisakoak zirela dio. Horiek berriro irekitzen hasi eta horien inguruan hausnartzeko podcasta aurkezten du.
9. ZAITUN
“Historiaren testigu mutuak direla pentsatuko dute askok, baina haien fruituek, olibek, hizkuntza unibertsala hitz egiten dute.”
Ane Irazabal arrasatearrak aurkezten du “Zaitun” podcasta, non Mediterraneoko txoko desberdinetako kontuak hurbiltzen dizkion entzuleari: Italiako nondik-norako politikoak edo errefuxiatuak, esate baterako.
10. BTN
“Berezkoa Ta Naturala.”
ARGIAko podcast honek Aner Peritz, Leire Vargas, Oihana Arana eta Haizea Arana ditu aurkezle lanetan. Bertso Txapelketaren inguruko epai irizpideez aritzeaz gain, umorearen erabileraz, bertsolarien estilismoaz eta bestelako gaiak dituzte mintzagai bertsolaritzaren inguruan. Horrez gain, bigarren denboraldiari hasiera eman diote aurkezle bat gutxiago izanik eta Euskal kultur esferako pertsonak gonbidatuta, aktualitate kutsudun solas eta jolasak sortuz.
Argi geratu da, beraz, podcastak komunikaziorako tresna garrantzitsua bilakatu direla azken urteotan eta hauen ekoizpenak gora jo duela ezinbestean. Askotan, podcastak filmatzera batzen diren pertsonen artean sare sozialetan euskarazko edukia partekatzen dutenak daude.
Marka bat eraikitzen denean, oso garrantzitsua da haren nortasuna zehatz-mehatz ebaluatzea eta definitzea. Baina, zer da marka baten nortasuna? Markari bizia ematen dioten eta haren publikoarekin konexio eta harreman esanguratsuak sortzea errazten duten atributu sinbolikoak dira.
Carl Jung psikiatrak, hainbat azterketa eta analisi egin ostean, 12 arketipo bereizi zituen marka baten pertsonalitatea definitzeko. Carl-en teoriaren arabera, 12 arketipo horiek gizakiaren emozio eta izaera ezberdinak irudikatzen dituzte. Horregatik, enpresaren marka-nortasuna eraikitzeko orduan, garrantzitsua izaten da pertsonalitate ezberdinen kontzeptua argi izatea.
Zeintzuk dira Carl Jung-ek definitutako 12 arketipoak?
1. Errugabea:
Garbitasun, sinpletasun eta positibotasun-mezua transmititzea du helburu. Izaera honen beste ezaugarri deigarrietako bat erabakiak hartzerako orduan duen benetakotasuna, bat-batekotasuna eta gardentasuna da.
Scottex marka dugu arketipo honen adibide nagusi.
2. Jakintsua:
Arduratsua da, ikaskuntza eta pentsamendu kritikoa sustatzen ditu; pertsonalitate honentzat garrantzitsua da hurkoari ezagutza eta jakinduria ematea.
Zein marka etortzen zaizu burura deskribapen horrekin? Asko daude, baina Google izan daiteke horietako bat.
3. Esploratzailea:
Abenturazalea eta dibertigarria da, eta munduko lekurik ezkutuenera iristeko gogoa erakusten du, baina errutinarekin nekatzen bada izaera aldakorra izan dezake.
Airbnb markaren komunikazioa pertsonalitate mota honetan oinarritzen da.
4. Errebeldea:
Marka errebeldeak “politikoki zuzenak” diren marken aurka daude. Izenak dioen bezala, arketipo honek nortasun errebelde, ausart eta bizkorra uzten du agerian, egunerokotasuneko arauak hauste aldera.
Desigual horren adibide nagusi.
5. Aztia:
Misteriotsua, ironikoa eta sortzailea da. Izaera hau duten pertsonek berezko trebetasuna dute arazoak aukera bihurtzeko eta gauzak beste ikuspegi batetik ikusteko.
Disney -ren kasuan, kanpaina guztietan entzuleak beraien ametsak errealitate bihurtzera bultzatzen ditu.
6. Heroia:
Bere helburu nagusia mundua aldatzea da; oso langilea da eta edozein erronkari aurre egiteko prest dago.
Entzuleekin konektatu nahi duten markek garaipena eta nagusitasuna transmititzen dute pertsonalitate honekin. Pentsatu Nike markaren komunikazioan; honen kanpainetan etengabe agertzen dira lehiatzeaz harro dauden eta espiritu irabazlea duten pertsonak.
7. Maitalea:
Sentsuala, grinatsua, liluragarria eta erakargarria dira nortasun honen ezaugarri nagusienak. Esklusibotasun kutsua ere izan dezake.
Nortasun honen azpian kokatzen diren markek desirarekin jolasten dute, eta garrantzi handia ematen diote estetikari. Hona hemen pertsonalitate honen marka-adibide bat: : Calvin Klein
8. Bufoia:
Pertsonalitate hau duten pertsonak dibertigarriak eta txantxazaleak izaten dira. Ez zaie axola besteek zer pentsatzen edo esaten duten.
Izaera hau oso ondo egokitzen da aisialdiarekin lotutako produktuak edo zerbitzuak eskaintzen dituzten eta target gazte bati zuzenduta dauden marketara Mixta garagardo markak, ezin hobeto erakusten du pertsonalitate honen esentzia.
9. Herritar arrunta:
Beti besteei laguntzeko prest dagoen pertsona: apala, zintzoa eta beti fidagarria. Arriskuak hartzeko interesik ez duen eta erosotasun eremuan gustura dagoen pertsonari egiten dio erreferentzia.
Ikea izan daiteke pertsonalitate mota honen adibideetako bat.
10. Zaintzailea:
Izenak dioen bezala, arima babeslea da, eta arreta eta maitasuna emateko prest dago beti. Besteei laguntzea du helburu, eta adi egoten da gerta dakizkiokeen gatazka-egoerekin.
Actimel -en kanpaina honek garbi erakusten du izaera honen nondik-norakoak.
11. Sortzailea:
Bitxiak, trebeak eta sortzaileak izaten dira. Horien motibazio nagusia munduan arrasto bat uztea izaten da, beraien lanak hurrengo urteetan zehar gogorarazteko.
Lego markak oso ondo transmititzen du izaera hau kanpaina guztietan.
12. Buruzagia:
Ezin falta taldeko buruzagia. Pertsuasioaren artea menderatzen du, eta ezinezkoa da inor bere erabakiez ez fidatzea; bere buruarengan konfiantza eta bere burua onena bezala nabarmentzeko konpromiso handiegia baitu.
Luxuzko markak izaten dute askotan pertsonalitate mota hau. Prada -ren spot honetan argi ikusten da kontzeptua.
Markaren nortasuna garatzeko urratsak
1. Storytelling:
Zeure burua ondo ezagutzea da, zeure burua definitzeko lehen urratsa; horregatik, garrantzitsua da markaren istorioa kontatzea, hasiera-hasieratik hasi eta istorio hori sortzera eraman zuten arrazoietara iritsi arte.
2. Balio-proposamena:
Balio-proposamena kontsumitzaileei egiten zaien promesa bat da, eta horren arabera aukeratuko gaitu kontsumitzaile batek lehiakideen aurrean. Markaren nortasuna garatzea oso garrantzitsua da, lehiatik bereiziko zaituen balio-proposamena eraikitzeko.
3. Xedea eta ikuspegia:
Balio-proposamena kontsumitzaileei egiten zaien promesa bat da, eta horren arabera aukeratuko gaitu kontsumitzaile batek lehiakideen aurrean. Markaren nortasuna garatzea oso garrantzitsua da, lehiatik bereiziko zaituen balio-proposamena eraikitzeko.
Burutün bi urte oso daramatzagu online lan egiten, eta publizitate-agentzia batean telelanaren bost abantailak laburbildu nahi ditugu post honetan.
2020ko martxoan salbuespenezko neurri gisa hasi zena, Bilboko gure publizitate-agentziaren ohiko lan-modu bilakatu da.
Gaur egun, bi urte daramatzagu telelanean, eta, nahiz eta noizean behin taldeko dinamika sortzaileak egiteko bulegoan elkartu, gure publizitate-agentzian telelanarekin modu eroso, eraginkor eta arinean lan egitea lortu dugu.
Zeintzuk dira telelanaren abantaila nagusiak publizitate-agentzia batean?
1. Joan-etorri gutxiago, gozatzeko denbora gehiago
Egunero bulegora joan behar izana saihesten dugu, eta, beraz, askoz denbora gehiago irabazten dugu gure bizitza pertsonalerako (familia, lagunak eta aisialdia). Kasu batzuetan urtean 400 ordu baino gehiago aurreztu izan dira etxetik bulegora joateko, eta alderantziz.
2. Egunerokotasunaren kudeaketa hobea
Taldean telelana egitean, proiektu bakoitzari eskainitako denbora optimizatzera bideratutako lan-prozesuen metodologiak aplikatzea erabaki genuen. Proiektu bakoitzaren orduak zehaztasunez definituta, hauek, modu argi eta zehatzean gauzatzea lortu dugu. Aurrez aurreko lanean erabiltzen genuen metodologiari telelanaren sistema aplikatzeak, helburu lorgarriak eta onargarriak markatzen lagundu digu. Proiektuak denbora laburragoan eta aurrez aurre lan egiten genuenean baino emaitza hobeekin amaitzea lortu dugu.
3. Talde estua sortu dugu, “piña” bat gara (birtuala bada ere)
Hasiera batean uste genuen online lan eginez gero, Burutüko pertsonen arteko harremana hoztu egingo zela. Bitxia bada ere, harreman estua eta oso lan-giro ona mantentzea lortu dugu. Horretarako, egunero online bilerak antolatzen ditugu, dinamizatuak eta kanban metodologiaren bidez egituratuak, etengabeko lankidetzan oinarrituz. Elkartasuna, hurbiltasuna eta enpatia dira honaino iristea ahalbidetu diguten gakoetako batzuk.
4. Sormenari sortzen uztea
Egia da oraindik ere badugula espazio komun bat (bulegoa), noizean behin, “brainstorming” edo “ideia-zaparrada” saioen bidez, elkarreragiteko edo aurrez aurreko bilerak egiteko erabiltzen duguna. Baina egiaztatu dugu online lan eginez gero, urrutitik egin ditzakegula taldekako saio sortzaileak. Gainera, proiektu bakoitzaren erronkak eta helburuak banaka prozesatzeko aukera izateak, lasaitasun handiagoa ematen digu.
5. Kaferako etenaldia vs atseden hartzeko benetako etenaldia
Lehen, aurrez aurre lan egiten genuenean, atsedenaldi bat partekatzen genuen bulegoaren ondoan kafe bat hartuz. Gaur egun ez dugu kafea taldean hartzen, bakoitzak bere etxetik egiten baitu lan. Baina atseden hartzeko, erlaxatzeko, paseatzeko edo naturaz gozatzeko aukera dugu. Benetako kit-kat edo atseden-denbora erreala eguneroko lanaldian.
Errealitateak zeharo harritu gaitu gure publizitate-agentziarentzat telelana aukera paregabea izan dela ikusaraziz. Pertsonen osasuna eta ongizatea lehenesten dituen lan-filosofia abegitsu eta atsegina bultzatu dugu. Gainera, egunez egun hazten ari gara branding, publizitate, marketin eta komunikazio proiektu berriekin.
Burutün aurrera egiten eta berrasmatzen jarraitzen dugu erronka eta proiektu berriei erantzuteko, etengabe gozatzeko eta ikasteko gai izanik. Henry Forden esaldi ospetsuak dioen bezala “Biharko eguna inoiz ez dela helduko uste dugunean, dagoeneko iragana bihurtu da.”
Clubhouse, gaur egun ditugun sare sozial guztietatik aldentzen den sarea da. Egungo gizartean era askotako milaka sare sozial aurkitu ditzakegun arren, Paul Davidson eta Rohan Seth ekintzaileek harritu egin gaituzte eta sare berritzailea eta ezberdina sortu dute.
Sare berri hau, 2020. urteko maiatzean atera zuten eta jada 3 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu mundu osoan zehar. Bere sortzaileek sare ezberdin bat ateratzeko helburua zuten eta audioetan oinarritutako sare sozialik ez zegoela ohartu zirenean, Clubhouse sortzeko ideia izan zuten.
Bogan dagoen sare sozial honen funtzionamendua eta berezitasunak bildu ditugu post honetan, gure gizartean laster barneraturik egongo den sarea izango baita eta markentzat komunikazio kanal bat izan daitekeelako.
Zer da ClubHouse?
Clubhouse audioak soilik partekatzen oinarritzen den sare soziala da; izan ere, bertan ez ditugu ez irudirik ezta bideorik aurkituko. Sarean zehar gela edo espazio birtualak daude, zeinetan gai ezberdinen inguruan hitz egiten edo eztabaidatzen den. Hau da, mahai-inguru birtualak direla esan dezakegu.
Erabiltzaileek gelak sortu edo jada sortuta dauden geletan hartu dezakete parte. Gela bakoitzak beraz, moderatzaile rola hartzen duen erabiltzaile bat dauka, gela sortu duena, eta bisitatzen duten entzule guztiak.
Orokorrean, parte hartzaile guztien artean gutxi batzuk daukate askatasunez hitz egiteko aukera, protagonistak izango direnak. Hala ere, gainerako entzuleek zerbait aipatu edo partekatu nahi izatekotan, baimena eskatu dezakete eta elkarrizketan sartu daitezke.
Sare sozialaren berezitasunak
Clubhouse aplikazioaren berezitasun nagusiena soilik audioak partekatzeko erabili daitekeela da. Irratiko edo podcast bateko elkarrizketa bat entzutea bezalako esperientzia izan daiteke, baina kontuan hartuta, baimena eskatuz gero, zuzenean eztabaidaren parte izan zaitezkeela.
Gela birtual bakoitzean sortzen diren eztabaidak edo elkarrizketak ez dira gordeta geratzen. Hau da, behin saioa bukatzen denean, bertan esandako guztia galtzen da. Ez dago aukerarik saioak grabatzeko edo deskargatzeko, ezta transkribatzeko ere. Clubhouse sarearen edukia, hortaz, iragankorra da.
Sare honetan zenbait famatu eta enpresa handien sortzaileak hasi dira aktiboki parte hartzen. Hori dela eta, erabiltzaileei pertsona famatuekin hitz egiteko eta ideiak partekatzeko aukera eskaintzen die aplikazio honek.
Momentuz, IOS sistema operatiboa dutenek bakarrik izan daitezke sare sozial honen parte. Hala ere, sortzaileek esan dutenaren arabera, Android sistemarako bertsioa prestatzen hasi dira jada.
Clubhouse dagoeneko Android sistema operatiboan
Maiatzaren 21era arte, IOS sistema operatiboa zutenek baino ezin zuten erabili aplikazio hau. Orain, Android-erako BETA bertsio bat plazaratu dute Clubhouse-ko sortzaileek.
Gainera, oraingoz, sare berri honetan profila sortzeko ezin daiteke aplikazioa deskargatu eta izena eman. Jada erregistratuta dagoen erabiltzaile baten gonbidapen zuzena beharrezkoa izango da.
Hala ere, sare sozial honen potentziala handia da. Hurrengo urteetan gure bizitzaren parte izango dela aurreikusten da, eta beraz, enpresaren komunikazio aldetik, kontsideratu behar den sarea bilakatuko da. Izan ere, Clubhouse sarearen bitartez, gure publiko potentzialentzat interesgarria den edukia partekatzeko aukera izango dugu, baita haiekin komunikatzeko bide berria eta zuzena ere.
Zer da Twitch plataforma?
Twitch plataforma eta euskal twitchlariak ezagutzen dituzu? Twitch, transmisioak egitea ahalbidetzen duen sare soziala da. Dena den, ez da orain sorturikoa, 2011an sortu zen Youtuberekin lehiatzeko, baina ez zuen arrakasta izan 2014ra arte, hain justu, Amazonek erosi zuen arte. Hasieran, bideo-jokoak zuzenean emititzeko sortutako plataforma zen, baina, gaur egun, aldiz, denetarik aurkitu dezakegu bertan.
Gainera aipatzekoa da, mundu osoko gazteen artean gero eta garrantzitsuagoa dela aplikazio hau. Ikusteko zelako dimentsioa duen, hona hemen datu aipagarri bat: 2020ko Urtezahar gauean, mundu osoko milioi erdi lagunek plataformara konektatu eta Ibai Llanosekin, 25 urteko Bilboko gazte batekin, urte berriari ongi etorria eman zioten.
Euskaldunen artean ere garrantzia hartzen ari den sare soziala da. Horregatik, plataformari euskara hizkuntza ofiziala gisa onartzeko eskaera egiteko, azaroan, Game Erauntsia, Nebukaixo eta Arkkuso-k, #3000Twitch ekimena martxan jarri zuten. Ekimenaren helburua 3.000 boto lortzea zen, eta dagoeneko 4.339 boto ditu.
Hala ere, Twitch kanalak oraindik ez du euskara hizkuntz ofizial moduan onartu, baina, honek ez ditu Euskal Twitchlariak eteten. Badaude euskarazko edukiak egiten dituzten Euskal Twitch-lari batzuk.
Twitch plataforma eta euskal twitchlariak
- Nebukaixo: www.twitch.tv/nebukaixo
Nebukaixo-ren atzean, Ainhoa Azkue dago eta euskarazko zuzenekoak egiten ditu.
- Pubguitar: www.twitch.tv/pubguitar
Youtuben Gitarra tutorialak euskaraz egiten ditu eta Twitchen beraren inprobisazio eta musikaren gogoetak aurkitu dezakegu.
- ARKKUSO: www.twitch.tv/arkkuso
Iruñe Astitz Larunbe, baina sarean @arkkuso bezala ezaguna. Bere Twitch kontuan bideoetara erreakzionatzen, hitz egiten, fall guysera jolasten edota Baserria komentatzen ikusi dezakegu.
- Landeths: www.twitch.tv/landeths
Aritz Landeta, streamerra eta euskaraz bideo-jokoetan aritzen da. Twichen Resident Evilera jolasten ikusi dezakegu eta baita edozertaz hitz egiten afaltzen dagoen bitartean.
- Sutan Bang: www.twitch.tv/sutanbang
Euskarazko eduki alternatibo eta anitzak kontsumitzeko sortutako kolektiboa da. Horrela aurkezten dute haien burua: “Eduki digitalak euskaraz sortzeko elkartu garen friki kuadrilla bat gara”
- Suspekain_: www.twitch.tv/suspekain_
Streamerra eta euskaraz bideo-jokoetan aritzen da. Hala ere, bideo-jokoez aparte, beste eduki motak ere zuzenean transmititzen ditu.
- Ekintaekin: www.twitch.tv/ekintaekin
Eneko Oroz-en kanalean, bideo-jokoetara jolasten ikusi dezakegu. Normalean joko lasaietara jolasten du eta mahai jokoen bertsio digitalak atsegin ditu.
- Zitalko: www.twitch.tv/zitalko/
Euskal streamerra eta bideo-jokoetara jolasten du, batez ere Amnesia eta Metro 2033 bideo-jokoetara.
Burutü agentziaren lantaldeko kideok Twitch sarea aztertzen egon gara, eta a ze nolako gauzak aurkitu ditugun! Baina, guretzat pozgarriena euskarazko edukiak kontsumitzeko aukera egotea da. Pixkanaka-pixkanaka, euskara mundu osora zabaltzen gabiltza eta hori ospatzekoa da. Beraz, Euskal Twitch-lariak, eskerrik asko zuen ekarpenagatik eta segitu dezagun euskara bultzatzen. Eta zu, animatzen zara Twitch-en sartzen?